2.800 kilo material bildu ditu Darahlik Saharako kanpalekuetarako

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako DARAHLI elkartea 2019ko urt. 31a, 09:22

Sahararen aldeko Euskal Karabana azken egunotan heldu da Zumaiara Darahli elkartearen eskutik. Piztu itxaropena leloa duen karabanaren helburu nagusia saharar herriari ahalik eta elikagai gehien biltzea, eta errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzea da.

Pasa den astean egin zen bilketa Zumaian. Aste barruan herriko ikastetxeetan egin zen, eta larunbatean herri mailan, Dia, BM eta Eroski supermerkatuetan.

Kanpainan zehar bildutako produktuen kopuruak hauek izan dira:

180 bat kaxa atun, azukre, pasta, lekale eta arroz, eta konpresen beste 12 kaxa handi. Gutxi gorabahera 2.800 kilo elikagai jaso da, eta otsailean irtengo den Karaban bidaliko dira.

Iaz baino kilo gutxiago jaso dira, baina Darahli elkarteak herriaren erantzun bikaina txalotu du.

Darahli elkarteak kanpaina honetan lagundu duten zumaiar guztiei, herriko supermerkatuei eta ikastetxeei esker beroenak eman nahi dizkie. Bestetik azpimarratu nahi dugu janari bilketa honetan boluntario bezala 65 gaztek parte hartu dutela.