Rory

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Fernandez 2020ko mar. 22a, 10:20

Ez da ohikoa izaten Rory Gallagherren musikari buruz inorekin aritzea. Horregatik, gabon hauetan ezagun batek hari buruz hitz egin zidanean, ezin izan nuen poza ezkutatu, gitarra jotzaile irlandarraren musika ez baita oso ezaguna jendartean.

Nahiz eta kosta egiten zaidan haren anonimotasunera ohitzea, konturatu naiz gure inguruan badaudela hura omendu nahi izan duten artistak ere. Señor No talde donostiarrak adibidez, Siempre te diré que no (2003) disko biribilean, Shin Kicker kantaren bertsio zoragarria egin zuen. Eta bai, onartu beharra daukat: lehenago ezagutu nuen bertsio hau originala bera baino. Literatura arloan, berriz, Ion Gurrutxaga musikariak Rory Gallagher, kemena eta leialtasuna (2006) liburua idatzi zuen Rory-ren anaia elkarrizketatuz. Azken hori ez dut irakurri.

Bereziki gogoan dut haren musika belarrietara lehendabizikoz iritsi zitzaidan egun hura. Batxilergoan geunden garai hartan. Irakasleak kale egin eta haren ordez gure filosofiako irakaslea zena etorri zen gu "zaintzera". Klaserik ez genuenez, motxilatik discman-a atera eta musika entzuten hasi nintzen etxeko lanak egin bitartean. Bat-batean, irakaslea hurbildu, entzungailu bat hartu eta bere belarrian jarri zuen. Baiezko keinua behin eta berriz egiten zuen bitartean, hura Rory Gallagherren kopia bat zela esan zidan. Berehala igarri zidan aurpegian ez niola tutik ere ulertu, ez bainekien nori buruz ari zen. Beraz, abestia amaitu, entzungailua bueltatu eta CD batzuk ekarriko zizkidala agindu zidan. Nik ez nion momentuan garrantzi handirik eman. Zer erakutsiko zidan, bada, niri filosofia irakasle batek musikaren inguruan? Entzuna geneukan gaztetan musika talde batean bateria jo zuela, baina bere klaseetatik kanpo ez genuen askorik ezagutzen. Rory Gallagherren Live! In Europe (1972) diskoa ekarri zidan momentuan bertan konturatu nintzen haren musika ezagutzak asko gutxietsi nituela. Ez nuen sekula lehenago horrelakorik entzun. Egia esan, ordura arte entzundako musika asko kopia merke bilakatu ziren une hartatik aurrera. 

Duela urte batzuk Bilboko Maiatzaren biko kalean egiten den bigarren eskuko azokan topatu nuen disko haren binilozko bertsioa. Ordutik, egongelako altzariko apalean leku pribilegiatua dauka. Ez dakit zerbait ikasi nuen Platon edo Aristotelesen inguruan. Baina hamabost urte geroago, oraindik ere ileak punta-puntan jartzen zaizkit disko hori entzuten dudan bakoitzean. Garbi dago zaintza klaseetan ere badagoela zer ikasi.