Espainiako Armada eta Zumaiako Klub Nautikoa elkarlanean Elkano omentzeko

Erabiltzailearen aurpegia Axier Lopez 2019ko api. 25a, 15:56


Zumaiako Klub Nautikoak parte hartuko du uztailaren 6an eta 7an Getarian Espainiako Armadak antolatu duen ekitaldi batean. Juan Sebastian Elkanoren Mundu Biraren V. mendeurrenaren ospakizunen barruan “inoizko omenaldirik handiena” egin nahi diote militarrek sustatutako ekitaldiaren bitartez.

XV. mendean Espainiako Inperioaren zerbitzura mertzenario gisa aritu zen Juan Sebastian Elkano itsas-gizon getariarraren mundu biraren 500. urteurrena martxan da. Diru publiko andana inbertituta, EAEko eta Espainiako instituzioek hainbat ekitaldi antolatzeari ekin diote.

Ekitaldi horietako bat da uztailaren 6an eta 7an Getarian egingo dutena: “Elkanoren Zeruertza”. Ekimenaren antolatzaile nagusia Espainiako Armada da. Elkano omentzeko prestatzen ari den hamaika ekimenen buru Espainiako Armada ezarri baitu Espainiako Gobernuak. Armadaren eta Espainiako Gobernuaren esanetan, Elkanok egindakoa “Espainiako Armadaren historian inoiz egindako balentriarik handiena” da.

Uztaileko ekitaldiaren bitartez, Juan Sebastian Elkanori “inoiz egin zaion omenaldirik handiena egin nahi diote, eta horretarako itsasoarekin lotutako “lau ontzidiak” batu nahi dituzte: merkataritzakoa, arrantzakoa, militarra eta kiroletakoa. Horregatik, azken hilabeteetan Espainiako Armadako kideak euskal kostaldeko zenbait klub nautikotara etorri eta bilerak egin dituzte, elkarte horiek ekimenera batzeko asmoz. Militarren ekimenari atxikitu denetako bat Zumaiako Klub Nautikoa da, Hondarribiako, Donostiako eta Getxoko klubekin batera.

Espainiaren itsas-enbaxadorea Getarian
Uztailaren 6an bela-ontzien estropada bat antolatu dute, Getxo-Getaria eta Hondarribia-Getaria zeharkaldiak egingo dituzte. Eta bela-ontziez gain, ontzi mota guztientzat irekitako zeharkaldi bat egingo dute, ‘rally nautiko’ moduan. Ehun bat ontzi bildu nahi dituzte Espainiako Armadaren ‘Juan Sebastián de Elcano’ itsasontzia Getariara heltzen denerako.

Juan Sebastian Elcano ontzia, militarren eskola izateaz gain, Espainiak itsasoan duen ikurrik ezagunena da, eta bere bidaietan Espainiaren enbaxada lanak egiten ditu. "Disziplina, laguntasuna, balentria eta patriotismoa dira itsasontzi honetan lantzen diren bertuteak", Espainiako Itsas Infanteriaren Komandante izandako Juan Chicharroren hitzak dira Elcano ontziaz. Egun Francisco Franco Fundazioaren burua da Chicharro.

Getariara uztailean helduko den Elcano itsasontzia Kubara heldu zen pasa den astean. Itsasontziko giroaren erakusgarri, han militarrek grabatutako bideo hau zabaldu da sarean:



Meza eta omenaldia
Uztailaren 7an, Elkanoren omenez Getarian egingo duten beste jarduera bat San Salbador Elizan meza bat izango da, Salbatore abesbatzaren parte-hartzearekin. Horren ondoren, ontzi guztien ordezkariek, tartean Elcano ontziko 197 militarrek, omenaldi-ekitaldi bat egingo dute Elkanoren monumentuaren aurrean.

Ondorengoak dira militarrek sustatutako “Elkano Zeruertza” ekimenera batu diren erakundeak:
Espainiako Armada
Lehen Mundu Biraren V. mendeurrenaren Espainiako Batzordea 
Espainiako Armadako Itsas Museoaren Fundazioa
Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza
Bizkaiko Merkataritza-Itsasketako Kapitainen Elkartea
EHUko Bilboko Ingenieritza Eskola
Euskadiko Bela Federakuntza
Euskadiko Kirol Portuak
Hondarribiako Klub Nautikoa
Club de Pesca de Atún de Lekeitio
Elkano Arrantzaleen Kofradia
Hika Txakolindegia
Getariako Ostelaritza
Itsasamezten – Kapitain, Patroi eta Itsaszaleen Elkartea
Orza Armadores  Getxoko Kirol Portua
Pasaiako Itsas Arrantza BHI
Abrako Klub Nautiko Erreala - Real Sporting Club
Donostiako Klub Nautiko Erreala
Espainiako ‘Real Liga Naval’
Zumaiako Nautika Elkartea