Suari begira

Erabiltzailearen aurpegia Asier Etxaniz Eizagirre 2020ko abe. 21a, 09:05

Iritzi helduak, uste handikoak, gure herriaz..., horrela hasten da Ruperren abestia, eta ezin esan edonoiz ondo datorren baieztapena ez denik. Orain arte denok ginen ekonomian aditu, denok politologo, eta, orain, gainera, denok epidemiologo egin gara. Gauzak zer diren: zer datorren jakitea inoiz baino zailagoa den honetan, gero eta jende gehiago entzuten dut zer egin behar den esaten, beraien iritziez erabat ziur. Eta hara non, garai nahasi hauen erdian, Baleikek pulpitu txiki hau eskaini didan. Baina ez nago sermoietarako, ezta lixtoplantak egiteko ere, eta nire baitan gero eta gehiago ugaltzen zaizkidan zalantzak ekarriko ditut hona gaurkoan.

Lehendik ere buruan bueltaka nuen gaia izan arren, Joan Mari Torrealdairen heriotzak berriz piztu zidan buruko errota: pixkanaka-pixkanaka, badoa herri honen pizkundean giltzarri izan zen belaunaldia. Baita Zumaian ere. Militantziaren, esker txarreko isilpeko lanaren eta auzolanaren belaunaldia (benetako auzolanarena, ez marketin marka txatxu batena).

Ados, nostalgia atzerakoia da, eta gainera, belaunaldi berriak ere ez daude geldirik. Hor ditugu borborka azken urteotan beste askoren artean indarrez nabarmendutako lapiko gorri eta moreak, klase eta genero auzietatik abiatuta paradigma berriak zabaltzen. Eta gainera datorkiguna ikusita, espero eta desio dut energiaren, klimaren... lapiko berdea ere indartzen hasiko dela. Gai unibertsalak, baina guretik eta gurerako garatzen ari direnak. Primeran.

Pizkundeko belaunaldiak ere jakin zuen garaiko gai unibertsalei eusten, gurera ekartzen, eta lapiko horiek su txikian egostekoak direnez, txinparta batetik su ederra hauspotu zuten, herrigintzarena.

Guk berriz, mikrouhinaren belaunaldikook, autonomian eta sasidemokrazian jaio eta heziak, eginda (eta egintzat) jaso ditugu euskara batua, ikastolak, helduen euskarazko alfabetatzea, euskarazko hedabideak... pizkundearen emaitza den zerrenda amaiezina da. Eta orain, lapikoei begira gauden honetan, sua bigarren maila batera pasa dela dirudi. Batzuek uste dute agian su berriak pizteko eta zaharra hiltzen uzteko garaia dela, besteek suak bakarrik irauteko nahikoa indar hartu duela eta lapikoak jada bero daudela... kontua da su zaharrari egur berria botatzea ez dagoela modan.

Abestira itzulita: nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Nago gure herri hau atzera doala aurrera ez badoa. Suari begira irautea ez dela aukera bat, beste edonon prekozinatutako txakurjana jaten bukatu nahi ez badugu, behintzat. Eta hamarnaka galdera etortzen zaizkit burura arrapaladan: zenbaterainokoa da gure arnasgune honetan euskarazko kultur eta prentsa kontsumoa? Zer harreman du horrek euskarazko alfabetatze mailarekin? Balio al du D ereduak euskaraz txukun irakurri, idatzi eta hitz egiteko gai diren gazteak sortzeko? Asteburupasa Bartzelona edo Londreseraino joaten garen belaunaldiko zenbat izan gara noizbait Garazi edo Tafallan? Nondik dator bat-batean euskalkiak eta euskara batua elkarren aurka jarri nahi dituen diskurtsoaren suspertze hori? Superbat eta Dragoi Bolarekin hazi garenon seme-alabak zer euskal telebistarekin hazi behar dute? Zergatik uste dugu umorea ezin dela euskara batuan egin? Zenbatek daki Zumaian zer den Errigora? Eta zenbatek nor zen Joan Mari Torrealdai? (...)

Abestiarekin amaitzeko: zaindu maite+gorroto duzun (su) hori.