Izpiak eta hizkiak

Mila Bakedano

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2023ko urt. 21a, 11:00

Azaroko Baleike aldizkariko Izpiak eta hizkiak atalerako sortutako edukia. 

Donostian jaio nintzen 1964an. Batxilergora arteko ikasketak ditut. Gure aitak Telefonican egiten zuen lan karrera hasi nuenean, eta seme-alabei zuzendutako oposaketa berezi bat atera zuten enpresan sartzeko. Izena eman zidan ezer esan gabe. Telefonican sartu nintzen, eta harrezkero, bertan egin dut lan. 

Bost urte dira ez dudala lanik egiten. Izan ere, eskaintza bat eduki genuen, etxean egotearen truke soldata bat jasotzeko. Aldi baterako lan kontratuak amaitu ziren, eta banakako etete planak jarri zituzten. Niri 53 urterekin eskaini zidaten; soldata murriztuta, noski, eta baldintza batzuekin. Baina soldata bat daukat, lan egingo banu bezala kotizatzen dut, eta hala jarraituko dut erretiroa hartu arte. 

Nire gauzetarako bizi naiz orain. Kontua da nik zaletasun asko dauzkadala, eta libre nagoenez, aukera daukat horiei denbora eskaintzeko. Kontuak kontu… Ez daukat denborarik. Eskulanak eta asko gustatzen zaizkit: puntua, kakorratza, jostea… Astindu dantza taldean ere ordu asko sartzen ditut. Lantalde bat gara, baina beste denek lan egiten dute, eta nik hartzen ditut ardura pisuzkoak, logikoki. Gustura egiten dut; bestela, ez nukeen egingo. Sasoian mantentzeaz gain, dantzak adin desberdinetako jendearekin harremana egitea eman dit. Oso aberatsa izan da hori. Bestela, ez nukeen jende askorekin harremanik izango. 

Aurten 11 urte dira Astindu sortu zela. Orain garairik onenean gaude; hilabetero antolatzen dugu zerbait. Herriko festetarako ekintzak ere bai, Karnabaletarako, adibidez. Denean gaude sartuta. Eta erruaren zati bat nik daukat, ardura nik hartzen dudalako, eta ezetzik esaten ez dakidalako. Edozein proposamenekin aurrera egiten dugu. 

Ikuskizun handiak prestatu ditugu. Lan handia dute, baina merezi dute. Asetasun ikaragarria ematen du. Poztasun handia ematen du frontoia beteta edukitzea herriko jendearekin, eta jendearengandik zorion mezuak jasotzeak. Bi urtean behin egiten ditugu halakoak; oraintxe ari gara datorren urtean zer egin pentsatzen. Ideia bat badaukagu, baina erabakirik ez, teknikoki egin daitekeen-eta aztertzen ari gara eta. 100 bat lagun elkartu ginen aurreko emanaldietan, eta nik uste dut ez dagoela hainbeste zumaiar elkartzen dituen ekintzarik herri mailan. Dantzara animatuko nituzke herritarrak, dudarik gabe. Tailerrak horretarako dira: zerotik hasteko eta dantza mota desberdinak probatzeko. 

Betidanik izan dut dantzarako zaletasuna. Euskal dantzetan ibili nintzen txikitan, eta gero, aerobicean eta beste dantza estilo batzuetan ere bai. Pentsa, Donostian bizi nintzenean, Zumaiara etortzen nintzen dantza klaseak jasotzera. 

1989an etorri nintzen hona bizitzera, baina lotura betitik izan dut herriarekin, ama zumaiarra zelako. Oporretara etortzen ginen; beraneanteak izan gara. Beti gustatu izan zait, eta nire ametsa zen hemen bizitzea. Eta lortu nuen. Zumaiarra sentitzen naiz guztiz.