Izpiak eta hizkiak

Julian Amenabar

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko abe. 8a, 16:00

Zestoan jaio nintzen 1970ean. Hiru urte egin nituen han, gure gurasoek taberna bat hartu zuten arte Azpeitian.

Urriko Baleike aldizkariko Hizkiak eta izpiak atalerako edukia.

Zumaian egin dut bizitzaren parte handiena, baina oraindik ere azpeitiarra sentitzen naiz, adarra jotzeko bada ere. Zestoarra ez, nahiz eta jaiotzez zestoarra naizen, sekula ez naiz sentitu zestoarra. Etxean borroka hori daukat, andrea zeharo zumaiarra da eta. Baina ondo eramaten dut borroka hori. Esaten didate, baita ere, azpeitiarrekin edo zumaiarrekin hitz egiten dudanean hizkera asko aldatzen dudala. 

Eraikuntza lanetan aritu naiz urte askoan. 16 urterekin hasi nintzen, aitarekin. Linternero batzuek ikusi ninduten, eta esan zidaten ea beraiekin lan egin nahiko nuen. Haiekin bost urte egin nituen. 21 urterekin erabaki bat hartzeko unea heldu zitzaidan berriro: linternero jarraitu edo beste zerbaitetan aritu. Aitak lan asko zuen garai hartan, eta harekin hasi nintzen lanean. Enpresa txiki bat ere sortu genuen bion artean. Gauza txikiak egiten hasi ginen, etxe barruko berritzeak eta. Hazten joan ginen bezala, lan handiagoak ere egin genituen. Adibidez, Goiko tabernaren etxe zaharra eraistea eta berria egitea guk zuzendu genuen, baita Santa Klarako nekazaritza turismoko etxea ere. Une batean, etxe txikiak egitera heldu ginen. Azkenerako lan ugari egin genituen, eta hor beste liga batean sartu ginen.  

Pandemia aurreko urtean itxi nuen enpresa. Lehia desleial asko zegoen, ordu asko sartu behar ziren, diru asko mugitzen zen… Eraikuntza beti gustatu izan zait, baina enpresa bat eramatearen ardura ez hainbeste. Ez nenbilen gustura, nire bizitzari aldaketa bat eman nahi nion, eta beste bide bat hartu nuen. Irakaskuntzarako prestatu nintzen, eta Lasarte-Oriako Lanbide Heziketa Eskolan aritu nintzen urtebetez lanean. Lan poltsa batean apuntatu nintzen, eta gaur egun Zarauzko Udaleko brigadan nabil lanean. Bi urte daramatzat han eta espero dut luzatuko didatela. Oso gustura nabil, eroso sentitzen naiz; beste era bateko bizimodua da. Denbora libre asko ematen dit, gainera. Hori ari naiz deskubritzen.

Arraunarekin eta ontzi tradizionalekin gaur egun dudan harremanak Olarro Eguneko estropada txikian du sorrera. Javier Mendiolaren eskifaian arraunlari bat behar zuten eta han aritzea eskaini zidaten. Sekula ez nuen arraun bat eskutan hartu. Sartu nintzen eta esperientzia asko gustatu zitzaidan. Nire amodio historia hori hor hasi zen, eta hortik etorri zen gaur egun dudan batela, Estreina. Salgai jarri zuten eta aukera egokia ikusi nuen kuadrillako kideen artean erosteko. Deitu nuenerako salduta zegoen. Kontua da batel mota hau ez dagoela merkatuan. Batel mota hau Zumaian egin zuten, eta hamar bat ontzi egingo zituzten. Ontzi horiek egiteko erabilitako moldea, baina, galdu egin zen; ezin dira erreplikak egin. Estreina erosi zuen Xabier Alzibarri deitu eta esan nion egunen batean batelaz aspertzen bazen nirekin akordatzeko. Urtebetera deitu zidan galdezka ea oraindik interesatzen zitzaidan. Inorekin hitz egin gabe erosi nuen. Horrek eman zidan sarrera nabigazio mundura. Zenbat eta gehiago sartu, orduan eta interes handiagoa pizten dit. Belarekin ibiltzea, hori bai dela magikoa; haizearekin dantzan ibiltze hori magikoa da niretzat. Belaontzien mundu horretan sartzea hurrengo pausoa izango litzateke. Ez dakit emango dudan, baina ilusioa badut.

Iru aizpak izeneko ontzi bat berritu dugu orain gutxi. 1945eko ontzia da, eta badu sinbolismoa niretzat: gure aita jaio zen urtekoa da, eta orain gutxi hil zaigu aita, gainera. Ontzia Tolosako arotz bat egin zuen, eta hil zenean Beduolari eman zioten bere senitartekoek. Pixka bat ukituta ekarri zuten, eta konpontzeko eta zaintzeko ardura eman zidaten. Konpondu eta uretan jartzea hunkigarria izan zen. Orain gu ari gara zaintzen, eta beste etapa bat da. Ontziak berritzeak eskulanarekin lotura du, eta eskulana den guztia ikaragarri gustatzen zait. Azken finean, puzzle baten antzekoa da. Jolas bat da.