Jexux Iribar 'Olalde'

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko abu. 3a, 15:00

Bertsolaria eta bertsozalea. Pilotazale porrokatua eta Zumaiako Kirol Elkarteko presidente izandakoa. Azken urteotan Dinastia Etxabe pilota txapelketan arituko diren pilotariak hautatzen aritzen da, baita jardunaldi bakoitzeko kronikak idazten. Uztaileko Baleike aldizkarian egin genuen Jexux Iribar Olalderen profila.

1956ko Gabon bezperan jaio nintzen Zestoako Olalde baserrian. Baserriaren izenetik datorkit izengoitia, Olalde. Lau anai-arreba gara, eta ni naiz zaharrena. Bitxia da: anaia Felix, bere izenagatik ezagutzen dute; ni, berriz, Olalde izan naiz beti lagunentzat eta ezagunentzat. Bertsotan ere hala bataiatu ninduten, neuk ez nekiela.  

Orain lau urte erretiratu nintzen, eta berehala ohitu naiz bizitza berrira. Lanean gustura egotea garrantzitsua da, baina bizitza bakarra da, eta beste gauzak egiteko ere denbora behar duzu.  

Txikitatik nuen bertsotarako zaletasuna. Ardiak zaintzen, simaurra banatzen, nire kasa aritu naiz askotan. Parrandan ateratzen ginenean etxera bueltatzeko presarik ez genuen izaten, eta bertsotan ibiltzen ginen; erromerietatik kotxean bueltan ere berdin. Soldadutzarako despedidan Jose Luis Mugarza Elgetzu bertsolari mallabitarra inguratu zitzaigun eta bertsotan aritu ginen afalostean. Hark esan zidan bertsotan aritu behar genuela plaza batean, Garain, Durango ondoko herri polit batean. Goizean ondo aritu nintzen, baina arratsaldean barregarri. Nire buruarekin lotsatuta, esan nuen hor bukatuko zirela nire bertso lanak. Handik egun batzuetara Elgetzuk deitu zidan berriro, eta beste saio bat egin behar genuela esan zidan. Nik ezetz. Azkenean konbentzitu ninduen, eta han hasi nintzen plaza batzuk egiten Bizkaia aldean. Hemeretzi urte nituen, oraindik soldadutzara joateko nengoen. Bertsotan aritzeko gogoa nuen, sake librean aritzen nintzen, amaierak pentsatu gabe askotan. Nire kabuz ikasitakoa naiz. Kasete grabagailu bat erosi nuen eta jaialdiz jaialdi ibiltzen nintzen aitaren Seat 124 familiarra hartuta saioak grabatzen. Gero etxean ikasten nituen doinuak, errimak eta abar. Hori bai, ez naiz asko aritu plazetan; ez nintzen ona, eta asko sufritzen nuen. Bat-bateko bertsogintza zaila da eta kontzentrazioa behar duzu; ni urduri egoten nintzen, eta beste bertsolari batzuen ondoan barregarri geratzeko beldurra ere izaten nuen. 

Bertsotarako nuen erraztasuna soldadutzak zapuztu zuen neurri batean; Melilla ez zen plaza ona horretarako, baina idazten nituen gutunak bertsotan idazten nituen. Soldadutzatik bueltan bertsolari gazteen txapelketa dezentetan hartu nuen parte; Txapelketa Nagusiko azken laurdenean, eta Gipuzkoako finalerdi fase batean ere kantatu dut. 2006an utzi nion kantatzeari, santa eskeak bukatu zirenean. Ordurako hamar bat urte edo neramatzan plazak utzita.  

Pilotazale porrokatua naiz. Jokatu, ez dut inoiz jokatu. Beno, Zumaian txapelketa herrikoian hartu dut parte; eskola garaian, berriz, txapelketa bateko finalera ere heldu nintzen profesional izango zen Atano XIII.arekin batera. 2005. urtetik nabil Dinastia Etxabe pilota txapelketa antolatzen. Jokatuko duten pilotariak aukeratzea erantzukizun handiko lana da. Jende askorekin hitz egiten dut, jakiteko zein dabiltzan hobekien. Jubenil eta 23 urtez azpikoen mailan jokatzen da txapelketa eta helburua da datorrenari, pilotan aritu nahi duenari aukera ematea. Egun profesionaletan dabiltzan pilotari asko pasatu dira hemendik: Altuna, Laso, Irribarria, Dario, Rezusta, Jaka… Azken 17 urteotan hemen aritutako 40 bat pilotari pasatu dira profesionaletara.  

Dinastia Etxabe Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenetakoa zen. Azken urteetan galtzen joan zen eta 2005. urtean hasi ginen poliki-poliki txapelketa kutsua berreskuratu nahian. Odieta bota zutenean, 2008tik aurrera Zestoan jokatu zen, eta arriskua egon zen ez jokatzeko. Egoera haren aurrean Zumaiako Pilota Elkartean ere iritzi desberdinak zeuden. "Total, bi urteko kontua izango da frontoi berria egiteko, eta ez du merezi kanpora joatea jokatzera", zioten batzuk. Zortzi pasatu ziren azkenean. Batzuek ikusten genuen sua pizten ari zela berriz, txinparta bazegoela, eta jokatzeari uzten bagenion, txapelketa galtzeko arriskua zegoela. 2016tik Zumaian jokatzen da berriz, eta aurten 50. edizioa biziko du. Nik uste jarraitu behar duela kanpotik ere jende asko etortzen da eta. Jendeak nahi ditu pilotariak ikusi telebistatik kanpo, pilotariak zuriz jantzita kantxaratzen diren momentu hori deskribaezina da eta.