Maria Teresa Lorente Alonso

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko eka. 5a, 09:00

Eibarren jaio nintzen 1962an. Gure aitak Ayra Durexen egiten zuen lan, eta nik 11 urte nituela etorri ginen Zumaiara bizitzera. Kostatu zitzaidan herrira egitea; Eibar puri-purian zegoen, eta Zumaia, berriz, oso herri lasaia zen. Lagunak Eibarren nituen, eta asteburuetan hara joaten nintzen lehen urteetan. Oraindik ere lotura handia dut Eibarrekin; lagunak ditut, kuadrilla, baina ez nintzateke hara joango bizitzera. Apirileko Baleike aldizkarian argitaratutako edukia.

Zipi Zape denda 1990ean zabaldu genuen. 32 urte dira dagoeneko! Bere garaian, lagun batekin hizketan, litxarreri denda bat zabaltzeaz hitz egin genuen. Gure amak Durangon duen familiarteko batekin ere hitz egin nuen; hark biltegi bat zuen, eta gozokiak eta fruitu lehorrak banatzen zituen dendetan. Esan zidan denda nik eramaten banuen, berak muntatuko zuela. Eta hala egin zuen. Dendaren jabea eta haren anaia oso-oso desberdinak ziren. Horregatik, dendaren izena aukeratzerakoan, erabaki zuten Zipi Zape deitzea, komikietako pertsonaien omenez. Beti egon gara leku berean. 2017an erretiratu zen, eta ordutik ni naiz dendaren jabea.  

Lehen hilabeteak oso mugituak izan ziren, ohitu ginen arte. Garai hartan, udako sasoian, eguerditan ere irekitzen genuen. Autozerbitzu moduan egin dugu beti lan, eta horrelako lehen denda izan zen gurea Zumaian. Hurre, Erribera kalean, Manoliren denda zegoen. Beti oso harreman ona izan nuen harekin. Neguan, kalean inor ez zebilenean, itxiera orduan, hizketan egoten ginen, eta senarrak ere esaten zidan zerbait beharko banu, marru egiteko.

Hasiera hartan, denak zuen arrakasta. Patata frijituen poltsa txiki haiek, adibidez. Baina hemen beti arrakasta handiena izan dutenak gominolak izan dira. Beti. Fruitu lehorrek ere bai, agian orain gutxiago, baina gominolek beti. Poltsara botatzen hasten zara, gero pixka bat gehiago... Denda honek ez du umeekin bakarrik funtzionatu; umeek, azken finean, paga bat dute, eta txanponak kontatzen aritzen dira. Denda honek helduekin ere funtzionatu du. 9 hilabetekoak bai, baina baita 99 urtekoak ere. Denak dira gure bezeroak.

Litxarrerietan dena asmatuta dago. Forma batekoak izango dira, bestekoak, baina gozokiak gozoki dira. Betiko gozokiak ondo saltzen dira: Reinetak, Sugusak, betikoak. Itxura aldatuko dute, baina produktuak betikoak dira.

Manolik denda itxi zuenean hasi ginen jostailuak ere ekartzen. Berak proposatu zidan jostailuak saltzen hastea. Jabearekin hitz egin nuen, eta ondo iruditu zitzaion. Oso ondo funtzionatu du. Urte batzuetan katalogoak ere prestatu genituen. Erregeetan-eta asko saldu dugu, baita urtebetetzetan ere. Noski, konpetentzia hor dago: merkataritza guneak, orain Internet, baina jostailuak saltzen jarraituko dut.

Hasierako ume haiek gurasoak dira orain eta beraien seme-alabak eramaten dituzte orain dendara. Poz handia ematen dit horrek. Hasierako ume barrabas hura ikusten duzunean urte batzuk geroago bere neskarekin etortzen dela, gogoa eta dena ematen dit esateko neskari nolako umea zen! Eta gero beraien umeekin datoz… Umeekin ibili naiz beti, umeek bizitza ematen dute, eta espero dut nire oroitzapen ona izatea etorkizunean. Dugun gauzarik garrantzitsuena dira umeak, eta zaindu egin behar ditugu.