Izpiak eta hizkiak

Tomas Rubio Vera

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko mar. 27a, 09:00

Villanueva del Arzobispo herrian jaio nintzen, Jaengo probintzian, 1958. urtean. Andaluzia utzi eta 1968an etorri ginen Zumaiara, lan egitera eta bizitza hobe baten bila. Jaenen nekazaritza besterik ez zegoen; hemen industria eta lan gehiago. Aitaren familiarteko batzuk hemen zeuden ordurako, eta horrela etorri ginen Zumaiara.

Egurkoko etxeetan egon ginen lehen urteetan, alokairuan. Bost anai-arreba ginen, eta lehen urte haiek gogorrak izan ziren. Giro umil batean bizi ginen, eta ahal zuenak lan egiten zuen. Urte batzuk pasatu ziren arte gogorra izan zen bizitza gurean. Eskola Nazionaletara joaten nintzen, eta Cara al sol abestera behartzen gintuzten; ez bazenuen abesten, agian, zaplazteko batzuk jasoko zenituen. Katekesia egitera ere behartzen gintuzten, eta hara ere isil-isilik joaten ginen. Ikasle ona nintzen; ikasturte amaieran ikasle onenentzako sariak ematen zituzten, eta onenen artean egoten nintzen. Etxean ez zegoen ikasten jarraitzeko aukerarik, eta 14 urterekin hasi nintzen lanean. Antxoatan egon nintzen Nardinen urte erdiz edo, eta handik gutxira Torreagan hasi nintzen lanean –aitak han egiten zuen lan–. Berez, ofiziorik ez nuen ikasi, eta gora egin badut, merituengatik izan da.

21 urtez egon nintzen fundizioan lanean, baina industri birmoldaketa bat izan zen eta kaleratu egin ninduten. 35 urte izango nituen orduan. Beti egin nahi izan dut lana, familia eta zu zeu mantentzeko. Bi denboraldi egin nituen hondartzak garbitzen, eta tartean, bederatzi hilabetez, untxien granja batean egin nuen lan, Azkoitian. Gero Itziarren lana aurkitu nuen, galdaragintzan. Hamar bat urte egin nituen han. Peoia nintzen, eta denetik egin nuen. Pinturan hasi nintzen jarraian, metalezko estrukturak pintatzen aritzen nintzen. Fabrika berean lan egiten zuen anaia lan istripu batean hil zen, eta une oso gogorrak izan ziren. Istripua 2001ean izan zen, eta 2005era arte iraungo nuen enpresa horrekin; ezin nuen gehiago jarraitu. Zumaian lan egiteko aukera atera zitzaidan, Astilleros Balenciagan, eta ontzioletan egin ditudan hamalau urtetan peoi espezialista lanetan aritu naiz.

Lanorduetatik kanpo, etxean egotea gustatzen zitzaidan, semeekin, emaztearekin. Kuadrillarekin egotea ere gustuko nuen, baita musean jokatzea ere. Zumaiako Futbol Taldeko zuzendaritzan hiru urtez egon nintzen, oso gustura. Plaieroetan ere jokatzen nuen, txikia nintzenetik jokatu izan dut. Epaile lanak ere egin nituen hondartzan; araudiaren inguruan herriko gazteren batekin ika-mikaren bat izan dut, baina ondo bukatu genuen.

Sanpedroetako danborradan atera izan naiz 22-23 urtez. Gozamena da; oso ondo pasatu dut, eta danborradaren batean hunkitu ere egin naiz. Behin baino gehiagotan gonbidatu gaituzte herritik kanpo jotzera, Lourdesen bitan, eta Pedrazan (Segovia) behin. Egun ahaztezinak izan ziren. Pandemia dela eta bi urte goaz jo gabe, eta espero dugu aurten kalera aterako garela.

Erretiroa hartu dut orain; aukera hori izan nuen, 47 urte kotizatuta nituen, eta uste dut merezita hartu dudala erretiroa. Lasai egongo naiz; bidaia batzuk egingo ditut, bilobekin, semeekin, emaztearekin egongo naiz, eta gauza gutxi gehiago. Egunez egun bizitzak ematen duenaz gozatzen egongo naiz.