Izpiak eta hizkiak

[IZPIAK ETA HIZKIAK] Karmele Sasiain

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2022ko urt. 30a, 11:00

Abenduko Baleike aldizkariko Izpiak eta Hizkiak ataleko edukia.

Zumaian jaio nintzen, 1965ean, eta hemen bizi izan naiz ordutik. Administraritza ikasi nuen. Bost zumaiar ginen guztira ikasketa horiek egiten, eta horietatik hiru Zumaiatik joan ziren. Nik ez dut horretarako gogorik inoiz izan.

Arrantzaren deskargetan lanean irabazi nuen nire lehen soldata, Ondarroan. Emakumeek egiten dute lan hori: itsasontzitik portura ez, baina lonjan-eta prestatzea bai. Nire bikotekideak, orduan, etxeko itsasontzi baten administrazioa hartu zuen. Gero, Zumaian bertan lan egiteko aukera suertatu zitzaidan, Paolaldean erosi genuen lokalean arrandegia jarrita. Ondarroan bertan, plazan, hasi nintzen arraina prestatzen ikasten, xerratzen-eta. Zarautzen segitu nuen, formakuntzako praktika batzuk izango balira bezala. Niretzat esperientzia ederra izan zen, eta oraindik ere harreman ona daukat Zarauzko arrandegiko jendearekin. Familia bat bihurtu gara.

San Telmoren irudia prozesioan eramaten lehen emakumea izan nintzen. Santua eramateko tradizio hori familian errotuta dugu. Gure aitak eramaten zuen, baina gaixotu zenean, tradizioa errespetatuz, familiako beste kideek hartu zuten ardura. Beti gizonezkoek eraman izan dute irudia; aitaren aldetik, gizonezko bakarra zegoen, gure lehengusu Jon, eta hark eraman izan zuen santua aitak ezin izan zuenean. Lehengusua ere gaixotu zen, ordea, eta hark ezin zuenez, nirekin jarri ziren harremanetan. Etxean badugu ohitura hori, baina agian gure semeek ez zuten jarraitu nahi. Seme-alabek, baina, harreman oso estua zuten aitonarekin, eta berehala baietz esan zuten. Imanol semea hasi zen santua eramaten. Nik, hala ere, arantza hori hor nuen, irudia eramateko gogoa. Pandemiaren aurretik egin zen azken prozesioa; garaiz joan ginen Parrokiara, eta zati batean eramatera animatu ninduten. Oso barrenean daramadan zerbait da; negar asko egin nuen, baina ederra izan zen. Aita omentzeko modua izan zen.

Hondartzara joateko zaletasuna dut. Uda bat eguzkirik gabe irudika dezaket, baina hondartzarik gabe ez. Eguzkia gehiago gustatzen zait neguan; udan ere bai, baina maite ditut lainotutako egunak hondartzan, jende gutxiago egoten delako. Urte osoan zehar gozatzen dut hondartza, neguan ere asko joaten gara; egun gutxi igarotzen dira hondartzara joan gabe. Erlaxatzen nauen toki bat da; ez naiz inoiz nekatzen, are eta gutxiago itsasoaren soinua entzuten dudanean. Oporretan ere saiatzen gara astebete edo Kanarietara joaten. Paseatu, egon, irakurri, lagunekin egon, zerbeza bat hartu, bokadilo bat jan ilunabarra ikusten dugula… hori umeekin mila aldiz egin dugu. Gure umeak hondartzan koskortu dira.

Ez naiz geldirik egotekoa. Txikitatik dantzan ibili naiz. Beti Gazten hasi nintzen; lehen, gure garaian, ez zegoen besterik. Kuadrillakoak ibiltzen ginen dantzan, eta halaxe jarraitzen dugu oraindik ere. Zorte handia izan dut, ez dut-eta inoiz lesiorik izan.

Kirola egunero egiten dut. Gustatu egiten zait, eta ezin dut egon kirolik egin gabe. Ez da markarik egin behar dudalako; gorputzak eskatu egiten dit. Nire ongizaterako egiten dut.

Kirola, dantza eta hondartza, horixe da bizitza niretzat.