Izpiak eta hizkiak

Horri eman!

Erabiltzailearen aurpegia Arnaitz Rubio Aprea 2020ko api. 8a, 08:25

Batzuk bizitza uzterakoan bakarrik jartzen dira elegante, hilkutxan dotore agertzeko bada ere. Beste batzuek, argazkiko gazte hauen kasu, gogoko dute trajea eta korbata janztea, Azpeitiko inauterietako elegante egunean kalera ateratzeko, adibidez. Zezenaren adarren parean jartzeko agian ez da janzkerarik egokiena izango, baina adrenalina (eta adrenalina ez dena) topera dutenei bost axola hori une horretan.

Gertaera batzuk, ordea, kameraren objektibotik kanpo geratzen dira. Une batean, animalien eskubideen aldeko lagun bat plazara atera zen, zezenketen aurkako pankarta bat eskuetan zuela. Zezena hurreratu eta begira geratu zitzaion. Zer pentsatuko ote zuen zezenak? Eta zer pankarta eskuetan zuen lagunak? Halako batean, “Horri eman! Horri eman!”, agindua entzun zen plazan. Zorionez, zezenak ez zuen jaramonik egin, eta buelta eman zuen, zerbait ulertu izan balu bezala. Dotore portatu zen animalia.

  • Kamera: Nikon D750.
  • Objektiboa: Sigma 70/200 mm.
  • Foku distantzia: 160 mm.
  • Diafragma: f2.8.
  • Abiadura: 1/4000 sg.
  • ISO: 400.

@arnaitzrubiophoto