Liburutegitik

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Eizagirre 2019ko abe. 26a, 11:35

Hemen dator Lurdes irribarretsu, “Zer polita, Arantxa! Pila bat gustatu zait, gomendatzeko modukoa!”

Carmen, berriz, kopetilun: “Jada irakurrita nuen!” jaja… bai, askori gertatzen zaio, badirudi beti berdinek ematen digutela atentzioa! “Hauxe eramango det, ondo dagoela esan didate eta”, ea oraingoan zorte handiagoa duen.

“Bihar etorriko naiz lasaiago!”, dio Milak presaka doan bitartean, beti bezala ☺ Bihar denbora libre gehiago izango omen du hobeto aukeratzeko.

“Kaixo, Arantxiii”, dio Isabelek atetik bere hitz egiteko doinu jostariaz. Ez du kalterik egiten 53 urte bete eta gero, gazte edo gaztetzen nauen “Arantxi” hori entzuteak, ez horixe! Azkar aukeratu du gustuko bat gaur ere.

Bat-batean, Iñakiz akordatu naiz, zer moduz ote dabil? Egunean bi aldiz, goiz eta arratsaldez, etortzen zen egunkariak irakurtzera eta, nola ez nabaritu haren falta? Azkenengoz topo egin genuenean, osasun arazoekin zebilela esan zidan. Ea laster dugun berriz ere hemen, beste prentsa zale guztien artean.

Josebak, euria atertu eta bere itsasontziaren konponketa lanekin jarraitu ahal bitartean, Cómo construir una barca irakurtzeko aprobetxatu du. Seguru ideia interesgarriren bat topatuko zuela.

Julianek, berriz, 6 bat baino ez lioke ipiniko komunikabideetan hainbeste goraipatutako liburuari. Zain-zain egon eta azkenenean, tira… horrelaxe dira kontuak batzuetan.

Eleberri edo nobelak, olerkiak, antzerkia, komikiak, biografiak, filosofia, zientziak, politika, artea, geografia, historia, hizkuntzalaritza… Sam Savage-ren Firmin liburutegiko arratoiaren antzera, letraz beteriko pasarteak irensten dabiltza denak.

Lehenengo James Joyce irlandarraren nobela jan zuen Firminek. Baina gosea asetzeko nahikoa ez eta liburu gehiago irensten hasi zen. Apal artean ikasi zuen bizitzari aurre egiten. Hunkitu, haserretu, barre egin eta amestu, batez ere amestu, liburuei esker. Umoretsuak eta ironikoak batzuetan, garratz eta kirasdunak besteetan. Bizitza bera bezalakoa. Batzuk ez dira irensten errazak, beste batzuk bai! Baina ez pentsa aho zapore gozoa uzten dutenik beti.

Liburuak terapia bezala erabil daitezkeela sinesten dutenak ere badira. Adibidez, Ella Berthoud eta Susan Elderkin: LITERATURA ERREMEDIOEN ESKULIBURUAren egileak. “Geure burua nola sendatu liburuen bidez” dio azpitituluak.

Biblioterapia ez da zientzia bat, baina gehienok esan dezakegu liburuek –eleberriek bereziki, baina denak orokorrean– gure garunaren eta emozioetan eragina dutela.

Eta ez naiz autolaguntzako liburuei buruz ari –hain ezagun eta arrakastatsuak–, edo ez horiei buruz bakarrik. Liburu guztien ahalmenaz ari naiz. Batzuetan argumentua bera da funtzionatzen duena, besteetan prosaren erritmoa, beste batzuetan pertsonaia nagusiarekiko miresmena. Bada beti hunkitzen eta emozionatzen gaituen libururen bat.

Horien artean bizi gara, nahiz eta ironia handiena izan irakurtzeko denborarik ez izatea! Badakizue, oparitu dezakegun onena liburuak direla diote, baina nire ustez irakurtzeko denbora da opari hobea.

Virginia Woolfek kontatu bezala, urperatutako altxorrez betetako lekua da liburutegia. Urruneko iraganera eta urrutiko etorkizunera eramango zaituen denbora makina.

Gogora datorkit Mariasun Landak orain dela urte batzuk idatzitako “Liburutegiak gonbidatzen zaitu” testu ederra:

“Zatoz,

Jarri edo kendu betaurrekoak.

Jarri edo kendu umorea.

Atsedena hartu hainbeste hotsetatik.

Barnekoetatik eta kanpokoetatik.

Egin ezazu zurrut isiltasunaren edalontzitik.

Begiratu, zeure baitatik irteteko.

Entzun, zeure baitara sartzeko.

Ausartu, irribarre egin, txundituta gelditu,

beldurtu, ondoren lasaitzeko.

Sentitzen duzunari hitzak jarri,

paperezko pistetan irristan ibili,

apaletan barrena surfean aritu,

irudien eta hitzen musuak jasotzeko.

Hitz egingo dizute, hitz egin dezazun.

Dibertitu egingo zaituzte, besteak diberti ditzazun.

Kontsolatu egingo zaituzte, besteak kontsola ditzazun.

Liluratu egingo zaituzte, besteak lilura ditzagun”

Zatoz, zatoz liburutegira