Aditua

Erabiltzailearen aurpegia Ander Intxaurrondo 2022ko ira. 26a, 06:00

Prezioen gorakada, prekarietatea, klima aldaketa… Etengabea da bide ezberdinetatik egunero jasotzen ari garen albisteen jarioa, eta horietatik, mezu negatiboak edo ezkorrak izaten dira, orokorrean, gailentzen direnak. Eta informazio mota hori, gu konturatu gabe ere, poliki-poliki arrastoa uzten joaten da gure buruan, ziurgabetasuna, beldurra edo antsietatea sortuz. Gure pentsaera eta jokaeretan, inkontzienteki, eragina izango du. Hala diote adituek, behintzat. 

Baina nire psikeak  beste informazio negatibo mota bat ere jasotzen du, kanpotik etortzen zaidan hori baino kaltegarriagoa eta erasokorragoa askotan, nire bizitzeko eran ikaragarrizko eragina duena: nire barne elkarrizketa. Kanpotik iristen zaidan informazioarekin alderatuz, zeinetan nire eragiteko ahalmena hutsala den, mezu horiek nireak dira, nik sortzen ditut, neurekin daude eta egongo dira hil artean, eta horiez jabetu beharra daukat nolako kaltea egiten didaten ohartzeko. Horretan izan behar dut aditua.

Batzuetan goxo, baina beste askotan erasokor, nagusikeriaz, epaile errukigabe baten modura iristen zait neure barne ahotsa: ausartagoa izango banintz!; zer gorputz amorfoa daukadan; ergela naiz; nola egin dut hori hain gaizki?; nik ez dut balio; itsusi ikusten naiz… Eta segi, eta segi. Etengabeko neureganako indarkeria, ni benetan naizen hori onartu beharrean nik izan nahiko nukeen Ni ideal horren bila. Ez banaiz horretaz jabetzen eta denboran luzatuz joaten bada, pixkanaka autoestimua eta barne konfiantza higatzen joango zaizkit, nire sistema immunologikoan eraginez eta gaixotasunari bidea irekiz.

Errespetatzen dut neure burua? Maite dut neure burua? Beti eredugarria izan behar dut? Guztiarekin ahal dudala uste dut? Edo biktimaren papera betetzen bizi naiz? Zer helbururekin? Zeri diot beldurra? Zerk sumintzen nau? Arazoak ezkutatzen saiatzen naiz?... Ehunka galdera egin ditzaket, ez guztiak erantzuten errazak, baina horietan sakonduz bakarrik lor dezaket neure buruan aditua izateko katedra. Gizarte hiperlanpetu eta zorrotz honetan lan nekeza da neure barne ahotsari tarteka entzutea, baina ni neu ezagutzen noan heinean eta naizen bezalakoa onartzen, nire bertute eta miseriekin, nire kontraesan guztiekin, nire pentsamendu ilunenekin, orduan agian hasi ahalko dut neureganako beste diskurtso bat eratzen. 

Errekarriak bezala, ezinbestean besteekin harremanetan izango ditudan kontaktu eta marruskadurekin joango naiz pertsona bezala hazten eta benetan Ni naizen modura pixkanaka mundura azaltzen. Astiro-astiro. Begiratuz. Errespetatuz. Onartuz.