Arkitektura

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Zubimendi 2021ko aza. 19a, 06:02

Arkitektura iragana, oraina eta etorkizuna batzen dituen diziplinatzat har genezake. Izan ere, herri orok ditu garai ezberdin eta anitzetan eraikitako hainbat adibide: eliza, katedral, museo, eskola eta abar. Nork bere garaiari dagokion eraikitze modu edo teknika bati erantzuten diote, baita funtzionaltasun bati ere.

Bestalde, eraikinak ez dira atenporalak, ez hilezkorrak. Batetik, ezinbestekoa da gutxieneko mantentzea eskaintzea, errehabilitazio edo errestaurazio obrak sarritan ekidin ezin diren bezalaxe; era berean, gizarte baten momentuko beharrei erantzuna emateaz haratago, etorkizunak ekar ditzakeen aldaketei ere erreparatu behar die egungo arkitekto batek. Hots, egungo arkitektura garaikideak ez luke estatikoa izan behar; ez, behintzat, erabat. Arkitekturak moldakorra behar du izan. Esaterako, gaur etxebizitza izateko diseinaturiko eraikin bat bihar eskola nahiz zaharren egoitza bilakatzeko aukera ematen duen obra bat pentsatzean dago benetako erronka edo helburu nagusietako bat.

Materialen erabileraz ere hitz egin genezake, eraikitze prozesuan COշaren emisio kantitateaz eta abar. Halaber, iraunkortasunari dagokionez, bada parekorik ez duen praktika edo alternatiba bat: esango nuke argi dagoela eskura ditugun eraikin zahar edo abandonatuak berrerabiltzen hasteak ongizate komun bat dakarrela.

Zumaian bertan ere baditugu bizpahiru kasu. Garai batean fabrika izandakoak edota ekipamendu publiko papera bete zutenak. Azken horiei, leku berri bat eman zitzaien bere momentuan zerbitzu horien kalitatea hobetzeko helburuarekin. Halere, erabaki horien atzetik beste pauso batzuk ematea ez legoke sobran. Izan ere, espazio bat egunerokotasunean funtzionamenduan izatea mesedegarri da zentzu guztietan. Are gehiago eraikin horiek espazio publiko egokiez inguraturik badaude. Horra hor anbulatorio zaharraren adibide argia. Ez naiz ari funtzio bakar batean fokuratzeaz, zerbait orokorragoaz baizik. Astelehenetik ostiralera zeregin batzuetarako erabil daitekeen espazio batek asteburuetan har baitezake bestelako eginkizun bat.

Bizitzeko modu alternatiboak, “ez konbentzionalak” ere azaleratu dira azken urteotan, praktikan jartzeraino. “Cooliving” delakoa argibide. Aurrez aipaturiko zenbait espazio bilaka litezke gutariko edonorentzat bizileku. Komunitate batean bizitzeko aukeran sinesten dute halako proiektuek. Pertsona, bikote edo familia bakoitzak baditu bere espazio intimo edo pribatuak, non partekatutako bestelako espazio batzuekin elikatzen diren.

Funtsean, gure herriaren garapenerako eraikin berrietan pentsatzea baztertu gabe, uste dut apustu polita litzatekeela jada eskuen artean duguna aztertu eta biziberritzen hastea.