Azala erre

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Irazabal 2018ko uzt. 11a, 12:30

Danele Sarriugarteren bigarren nobela irakurri dut. Udaberri euritsua izanik ere, azala erretzeko parada izan dut, Miren protagonistaren azalean jarrita izan bada ere. Ez babesteagatik erretzen gara, neurriak hartzen ez jakiteagatik. Eta horixe gertatzen zaio Mireni, gorputzean eta bizitzan.

Baina batzuetan gure buruarengandik babestu behar dugu. Eta orduan kremek ez dute balio. Agian horregatik da istorioko protagonista diren bi artista hauen gatazken osagai oinarrizkoa egoa. Noraino naiz ni, noraino kanporako sortu dudan pertsonaia, noraino besteek nigandik espero dutenaren saiakera?... Horiek eta gehiago hausnartzera garamatza nobelak, bi gazte, haien identitate berri edo ustez benetakoaren bila dabiltzala, heldutasunera bidean.

Oraingoan ere ondo zukutu ditu idazleak pertsonaien erraiak eta gorputzetik pasa zaizkigu haien errusiar mendi emozionalak. Umore gaztunarekin gainera, pasarte  motzetan idatzia, denboran saltoka. Zizka-mizka gozoan ibiltzea bezalakoa izan da. Gaur gaurko istorioa kontatzen du, Donostia eta Bartzelona eszenatoki, artista giroa gertu dugunok aise identifikatzeko “argazkiekin”. Argazkilariak baitira biak, Miren eta Jon, bakoitza bere moduan, desberdin, original bezain negatibo. Baina hemen ezin dena errebelatu.

Zer errebelatu, zer ez, artistaren erabakia da, izan beharko luke. Idazleak badu enigmatiko-misteriotsu-magiko eusteko aukera edota prozesuaren “aldamioak bistan” jarri, makinaria ikusteko moduan. Danelek, kasurako, misterioa galdu du, baina niri, behintzat, bihotza irabazi dit. Hiru orrialdetan. Beste 116 orrialderen atzetik datozen hiru orrialdeetan. Ia bi urte eta erdiko bidea eta gero argia pozik ikusi zuten 116 orrialde landuren atzetik datozen hiru orrialdeetan. Fikzioa eta errealitatea elkartzen diren puntua ikusgarri jarri digu, laugarren pareta hori hautsiz, irakurleari begietara begira mintzatuz. Izan ere, eskerrak emateko modu berezia hautatu du Danelek. "Ez nuen zerrenda bat egin nahi, nobelaren historia kontatu nahi nuen.”

Sormen prozesuak haurdunaldiak dira, argitara eman arte eten daitezkeenak, eta denbora horretan sortzaileari eta bere inguruari gertatzen zaion edozerk, txikia irudituta ere, eragina du azkeneko emaitzan. Eta azken hori maite baduzu, bide osoa maite duzu, bere sasi, arantza eta oztopoekin. Atzera biratu eta bidegurutzez jositako bideari begira diezaiokezu harrituta, eta azala kasualitatez erre duzula pentsa dezakezu haserre, edota Aloe Vera igurtzita nola indartsu birsortzen den ikusi.