06:52. Esparragosa de la Serena

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Tena Eizagirre 2021ko urr. 27a, 07:02

Jada autobuseko maletategian gorde dut ekipajea eta gidariak nire eserlekura eraman nau. Leihatilatik nire aita ikusten dut autobus geltokiko markesina alboan agur keinuak egiten, negar malkoei eutsi ezinik, egun gutxi barru etxean berriz elkartuko garen arren. Nire adina zuela, 22 urterekin, horretaz jakitun izan gabe, itzulerarik gabeko bidaiari ekin zion Zumaiara, hamarkada batzuk lehenago bere hainbat senidek egin zuten gisara. Garai hartan, gaur egun kontzertuen kartelak jartzeko soilik erabiltzen den parada honetatik autobusak etengabe igarotzen ziren. Ez naiz ari, ordea, garraio publikoaz, 50eko hamarkada amaieratik aurrera "itsasorantza zetozen ibai amaigabeak" ziren autobusez baizik, "olibondorik gabeko norte baterantza iparrik gabe zetozenak", Hezurbeltzak taldeak dioen moduan.

Izan ere, urte horietan zehar Euskal Herritik autobusak hutsik bidaltzen zituzten Extremadurara, lan indar merkearen bila. Extremaduran bizi zen miseria egoeraren aurrean, jende askok hazten ikusi zituen lurra atzean uzteko erabakia hartu behar izan zuen. Landa ingurua hiri handiagatik aldatu zuten, eta zonalde industrializatuetara emigratu zuten. Familia askok euren aurrezkien zati handi bat xahutu zuten beraien bizitoki berrira eramango zituen autobus txartela erosten, "maite zutena utzita lurralde arrotz honetara esku hutsik" heldu zirelarik. Hasieran, hiru egun igarotzen zituzten lineako autobusetan. Baina urte batzuk geroago, zenbait enpresa zerbitzu bereziak eskaintzen hasi ziren, eta bidaiaren iraupena 24 ordura igaro zen. Eskaria etengabe handitzen zihoan, eta horren emaitza izan zen zerbitzua eskaintzen zuen enpresa bakarra egotetik une batean hiru izatera igaro izana, eta billetearen prezioa modu nabarian merketu zen, lehia bortitzaren eraginez. Gainera, urteak aurrera egin ahala, bidaia alderantzizko noranzkoan ere eskaintzen hasi ziren, Nortetik familia bisitatzera itzultzen zirenentzat. Astean sei egunetan ateratzen ziren autobusak, joan-etorrian.

Nire alboetara begiratuz, ohartzen naiz zenbait belaunaldi elkartzen dituen fenomenoa dela honako hau, immigrazioak eragindakoa. Eta, momentu honetan, gogora datozkit aita gaztetxoa zenean, Pueblotik irten eta Zumaiara oporretan joatearen zirrarak eraginda, lo egin ezinda autobusaren aurrealdean txoferrarekin hitz egiten igarotzen zituen gauak; gogoratzen naiz ezagutzeko aukera izan ez nuen nire aitona Felix Casinoko aldapan autobusaren sabaian igota maleta guztiak jaisten aritzen zela kontatzen zidala amama Juliak; ezin ahaztu, nola, nire osaba Emiliok autobusean Zumaian erositako motorra eta sukaldeko altzariak eraman zitueneko kontakizunaz. Eta ziur naiz horiek 60 urtean bizi izandako istorioen zati txiki bat besterik izango ez direla…

12 orduko bidaiaren ostean, Gipuzkoa erdia zeharkatu ondoren, azken geltokira iritsi gara: Zumaiara. Ohitura zaharrei jarraiki, txoferrak etxe aurrean utzi nau. Baina ez da mantentzen den ohitura bakarra, besteak beste, familia guztiarentzat enbutidoa eta olioa ekartzea edo ordura arte ezezagunak ziren bidaiariekin elkarrizketa amaigabeak izatea aipa genitzake. Hala ere, ezin dugu emigrazioaren edo horren adierazpenen erromantizazioan erori (esaterako, pisu txiki batean hiru edo lau familia bizitzea, umeak eta guzti), 'elkartasunaren' adibide edota gaur egungo proletarizazioa justifikatzeko argumentu moduan erabiliz, ‘eta inor ez zen kexatzen!’ bezalako esaldien bitartez. Hau da, ezin dezakegu ahaztu zelako gogorra den sorterria atzean uztea "bizitza berri baterantz".