Larubatean MICE, Kokein eta TOC!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiko Txosnak 2023ko mar. 23a, 15:41

Gazte Eguna izango da Zumaian apirilaren 15ean. Eguerdian Zumaiako Gazte Asanbladak antolatutako herri bazkaria izango da, eta, ondoren, Elektrotxongorekin ibiliko gara kalez kale. Gauean, kontzertuen ordua izango da: MICE, Kokein eta TOC izango ditugu txosnaguneko oholtza gainean.

Negua apirilaren 15ean udaberrituko zaigu, MICErekin. Hainbat urtez Napoka Irian aritutakoak bakarkako ibilbidea hasi zuen 2017an, eta Lautada diskoa kaleratu berri du, luxuzko taldekideekin. Hatzak gitarratik askatu ditu, eta oholtza bere egin du. Apirilaren 15ean gure artean izango ditugu. Galtzen baduzu, damutuko zaizu!
 

Kokein ere izango dugu txosnagunean. Eibartarrak ezagunak dira Zumaian marea behean dagoenean ere Arranplan bainatzen direlako, poteoa inork baino gehiago luzatzen dutelako eta hondartzan eguzkitan orduak ematen dituztelako azala xigortzen. Baina, adi, rock eskola ederra ere badute herrian, eta hori ere ondo esportatzen dute. Kokein handiak dira horren adibide. Txosnagunean izango ditugu apirilaren 15ean, iaz kaleratu zuten Atomika diskoa aurkezten, euren ibilbideko zazpigarren lana. Ez galdu!

Hirugarren musika-taldea TOC izango da. Mungiako musika eszena iturri ederra da, baita Zumaiako Txosnentzat ere. Iaz Lukiek izan genuen, eta aurten, TOC! 90eko doinuen oihartzuna, rock progresiboa, post-punka eta beste ederki uztartzen ditu laukote bizkaitarrak, baita letra zorrotz eta landuak ere. Gerria eta burua, biak astintzeko aukera izango dugu haiekin, apirilaren 15ean!

Hilabete baino gutxiago falta da... eta bizi-bizirik gaude!