2022ko martxoaren 8a

Zumaiako Udalaren adierazpen instituzionala Martxoaren 8aren harira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2022ko mar. 8a, 09:00
Argazkia: Baleike

Instituzioei dagokien arurak hartu, eta mugimendu feministaren eta norbanakoen lana aitortzen du Udalak adierazpenean. Halaber, dei egiten die zumaiarrei gaur arratsaldeko 19:00etarako Mugimendu Feministak antolatu dituen mobilizazioan parte hartzera.

Martxoaren 8a, Emakumeon Eguna, orain arte lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen Mugimendu Feminista eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahai gaineratzeko eguna da. Ezinbestekoa da eskubideen aldeko borrokan, mugimenduaren antolakuntzak eta interpelazioetatik, jendarte guztia inplikatzeko izan duen eraginaz mintzatzea. Alde horretatik, instituzio honi dagokion ardura hartzetik aurkezten dugu adierazpen hau.

Esan dugu dagoeneko, pandemiak agerian utzi duela feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan.

Genero-desberdintasun estrukturalen gorakada errealitate ukaezina da: emakumeek beren gain hartzen jarraitzen dute zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; eta azken honek, gainera, prekarizaziorako norabidea hartu du nabarmen.

Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, globaletik tokikoraino eta alderantziz. Euskal Herrian, gure eskumen-esparru mugatuan, argi daukagu gure lurraldeetan gure bizitzaren burujabe ez garen bitartean ezin izango ditugula beharrezko aldaketa guztiak bultzatu. Hala ere, badaude aukerak bide hori marrazten joateko, sisteman pitzadurak irekitzeko, eta, hain zuzen ere, tokikoa da eremu egokiena.

Horretarako, erakundeak koordinatu behar dira, eta bideak ireki herritarrek erabaki publikoetan benetan eta eraginkortasunez parte har dezaten, batez ere emakume-talde anitzek eta mugimendu feministak. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, eta hori premisa feministetatik egin behar da, artikulazioa eta parte-hartzea bultzatuz, plan eta programa eraldatzaileak eginez, larrialdiei arreta emanez eta behar diren baliabide guztiak ahalbidetuz.

Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalak honako hau erabaki du:

  • Berdintasun-politikak garatzeko baliabide ekonomikoak indartzea.
  • Emakumeon* Etxea indartzea, beharrezko baliabideak bermatuz.
  • Zaintza-sistemaren inguruan herriko eragileekin batera lan egin edota martxan jartzen diren prozesuak babestea, zaintza-sistemaren analisia egin eta estrategia kolektiboak diseinatzeko.
  • Herritarren sentsibilizazioan sakontzea, gizartea kontzientziatzeko eta emakumeak ahalduntzeko kanpaina eta programa instituzionalak daudela bermatuz.
  • Administrazioko langileen berdintasunari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea, oinarrizko, derrigorrezko eta etengabeko prestakuntza-plana progresiboki planifikatuz.

Azkenik, Zumaiako Udalak dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.