Errege Magoen bisitarako gonbidapenen inguruko oharra

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko abe. 30a, 17:00
Udalak gogorarazi nahi du talde edo familia bakoitzeko gonbidapen bakarra behar dela, eta sarrera gehiago hartu dituztenei horiek itzultzeko eskatzen die.

Aurten ezin izango da ohiko kabalgata egin, eta horren ordez, Errege Magoak Aitzuri pilotalekuan izango dira urtarrilaren 5ean. Gaur goizean zabaldu da gonbidapenak internet bidez eskuratzeko aukera, eta hiru orduan amaitu dira guztiak.

Edonola ere, zenbait herritarrek ikusle bakoitzarentzako sarrera bana hartu dutela jakin ahal izan du Udalak. Hori horrela izanik, Errege Magoen bisitarako GONBIDAPENAK TALDEKAKOAK direla gogorarazi du, eta sarrera gehiegi dituztenei horiek itzultzea eskatzen die, familia gehiagok bisita egiteko aukera izan dezaten. Urtarrilaren 4ean arratsaldez jakinaraziko da soberan dauden gonbidapen horiek eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura. 

Soberan dituzten sarrerak bi modutan itzuli daitezke:

  • E-postaz, kultura@zumaia.eus helbidera idatzita
  • Urtarrilaren 4an, 9:30etik 13:30era Alondegian, presentzialki

Postontziak herrian zehar, eta bideoa urtarrilaren 5ean

Oraindik Errege Magoei idatzi ez dieten haurrek Kofradian, Kantauri plazan eta Aizkorri kalean (Aitzuri frontoi parean) jarritako postontzietan utzi ahal izango dituzte gutunak.  Abenduaren 5eko iluntzea izango da gutuna bidaltzeko azken eguna. Ondoren, udaletxeko langileek gutunak hartu eta Hiru Erregeei eramango dizkiete.

Halaber, urtarrilaren 5ean Errege Magoek Zumaiako haurrei zuzendutako bideoa ikusi ahal izango da.