Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean Zumaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeen adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko aza. 17a, 19:11
Zumaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeek dei egiten diete zumaiarrei larunbat honetan (azaroak 21) eguerdiko 12:00etan Beheko Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko.

Darahli elkartearen eskaerari erantzunez, Zumaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeak ere Sahara Euskadi Mugimenduaren eta Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaritzaren adierazpenera atxikitu dira, eta dei egiten diete zumaiarrei larunbat honetan (azaroak 21) 12:00etan Beheko Plazan egingo den mobilizazioan parte hartzeko.

Halaber, udaletxeko balkoian Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera jarri dute elkartasun keinu moduan.

Zumaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeen adierazpena:

2020ko azaroaren 13an, Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean dagoen Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren arteko Su Eten Akordioa.

Marokoko Erresumak Guerguerateko legez kanpoko pasabidera indar militarrak bidali zituen, duela lau astetik eremu horretan manifestazioak egiten ari ziren saharar herritarrak erreprimitzera.

Marokok 2001ean ireki zuen pasabide hori, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen Bake Akordioak (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarrek Marokoko harresi militarrean pasabideak irekitzea debekatzen dute.

Indar marokoarren erasoaldiak eta Fronte Polisarioak saharar populazio zibilaren defentsan emandako erantzun legitimoak harresian zehar hainbat liskar eragin ditu. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Presidenteak, adierazpen baten bitartez amaitutzat eman du Fronte Polisarioak eta Marokoko Erresumak 1991n sinatutako su-eten konpromisoa.

Gertakari horien aurrean Zumaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeek, Zumaiako Darahli elkartearekin, Sahara Euskadi Mugimenduarekin eta Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera:

  • BERRESTEN DUGU zalantzarik gabeko elkartasuna diogula saharar herriaren eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari.

  • Marokoko Erresumari EGOZTEN DIOGU 1991n Su-Etena apurtu izana, eta sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunaren erantzunkizuna.

  • MINURSOri eta Nazio Batuei eremuan segurtasuna eta sahararren giza eskubideen zaintza berma dezatela ESKATZEN DIEGU; eta, besterik gabe, autodeterminazio-erreferendumaren bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide bidezkoa eta behin betikoa susta dezatela,.

  • Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari Mendebaldeko Saharan gertatzen den guztiarengatik dituen erantzukizunak bere gain har ditzala ESKATZEN DIOGU; izan ere, Lurralde Ez-autonomoa da, Marokok legez kanpo okupatua, NBEren agindupean, eta gatazkan dauden bi aldeak Genevako Hitzarmenaren sinatzaileak dira.

  • Espainiako gobernuari Mendebaldeko Sahara “de iure” administratzen duen potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain har dezala EXIJITZEN DIOGU; eta horren arabera joka dezala, autodeterminazio-erreferendumaren antolaketan eta Saharako biztanleria zibilaren babesean parte aktiboa izanik

  • Sahara Euskadi Mugimenduak Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa babesteko deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzera GONBIDATZEN ditugu zumaiarrak. Zumaian larunbat honetan, hilaren 21ean, elkarretaratzea izango da Beheko plazan, eguerdiko 12:00etan.