Janari-denda txikiei maskarak banatuko dizkie Udalak, eta telefono bidezko arreta zerbitzua jarri du martxan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko mar. 17a, 15:17

Dendari txikiei maskarak banatuko dizkie Udalak egunotan. Telefono bidezko arreta eta elkarrizketa zerbitzua ere jarri du martxan, eta harremanetan jarriko da herriko kolektibo zaurgarrienekin.

Herriko janari-dendei babes pertsonalerako materiala emango die Udalak, beren egunerokoan beharrezkoak diren osasun neurriak hartzeko baliabideak izan ditzaten. Gaur hasi dira maskarak dendetara eramaten, eta material gehiago eduki ahala banaketarekin jarraituko dute.

Bestalde, zainketa eta oinarrizko beharrak asetzeko, bakarrik bizi diren pertsonek edota hitz egiteko beharra dutenek Gizarte Zerbitzuen telefono bidezko arreta jarri du martxan. Hala, bakardade sentsazioa ekidin eta edozein arazoren aurrean profesionalengana jo nahi dutenek, 943 86 22 00 eta 608 755 982 telefono zenbakietara deitu beharko du. Helbide honetara ere idatzi dezakete herritarrek: brankaharrera@zumaia.eus.

Gizarte Zerbitzuak: 943 86 22 00 / 608 755 982 / brankaharrera@zumaia.eus

Hain zuzen, gaur goizean zehar, herri langileek eskutitz bana banatuko diete 65 urtetik gorako zumaiar denei, zerbitzu honen eta erosketak etxera eramateko zerbitzuaren berri emateko eta etxean geratzeko gomendioa gogorarazteko.

Gainera, bakarrik bizi diren adinekoekin eta adineko bikote guztiekin harremanetan jarriko da Udala, horien egoeraren berri edukitzeko eta martxan jarritako zerbitzuen berri telefono bidez zuzenean emateko. Gizarte Zerbitzuen ohiko erabiltzaileen beharrak ere bermatuko ditu Udalak.

Erosketa zerbitzua: 688 757 774

Azkenik, Udalaren izenean jakinarazi dute udaletxeko arreta zerbitzua soilik telefonoz egingo dela gaurtik aurrera. Udaletxera ez joateko eskatu die herritarrei, eta etxean geratzeko. Arreta telefonoa 943 86 50 25 dela gogoratu dute.

Larrialdi Plana aktibatuta
Zumaiako Udalak Larrialdi Plana martxan jarri du ostiralean, SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari jakinarazi ostean. Hala egin behar du Udalak bi sail baino gehiago koordinatu behar diren kasuetan. Hala, hainbat sailetako eta udal taldeetako ordezkariek osatu dute krisi mahaia astelehen honetan, eta hainbat neurri adostu dituzte Udalaren barne eta kanpo funtzionamenduari dagokionean.

Orain arte hartutako neurriez gain –eraikin publiko guztiak ixtea erabaki zuen Udalak joan den astean–, honako irizpideak zehaztu ditu:

  • Udaletxeko harrera-gunea itxita egotea eta arreta zerbitzua modu telematikoan egitea
  • Posible den kasuetan eta langileak hala nahi badu, telelana martxan jartzea
  • Langileak udaletxean lan egin behar duten kasuetan, distantzia eta bestelako prebentzio neurriak bermatzea
  • Sail desberdinetan dauden aukeren arabera, Gizarte Zerbitzuen Saila indartzea
  • Prozedura administratibo guztien epeak etetea
  • Bilera presentzialak atzeratzea, eta egitea beharrezkoa bada, online bidez egitea lehenestea; bilera presentzialen kasuan, ahalik eta pertsona gutxien egongo dira, eta distantzia eta bestelako prebentzio neurriak bermatzea

Gainera, Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren baldintzak betetzen direla bermatuko du Zumaiako Udaltzaingoak.

Boluntario sarea martxan
Gaztetxeak eta Udalak boluntario sarea jarri dute martxan, Covid-19 birusak sortutako krisiaren aurrean egoera zaurgarrienean dauden pertsonen zaintza eta oinarrizko beharrak asetzeko. 70 boluntarioko sarea osatu dute dagoeneko, eta herriko hainbat taldek eta eragilek beren prestutasuna adierazi diote Udalari beharrezkoa den edozertan laguntzeko.

Udalak jakinarazi du, prebentzio neurri guztiak bermatuta daudela eta boluntario guztiek ezagutzen dituztela jarraibideak. Horretaz gain, jasotako deien berri emango dio boluntario sareak Gizarte Zerbitzuen Sailari, eta modu koordinatuan gidatuko dituzte lanak.