Martxoak 8 - 2020

Zumaiako Udalaren adierazpena Emakumeon Nazioarteko Egunaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2020ko mar. 6a, 13:09

Zumaiako Udalaren konpromisoak adierazi dituzte oharrean, eta martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio-egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

 Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:

  • Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;

  • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;

  • Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;

  • Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;

  • Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.

Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berretsi eta aipatutako konpromiso horiek kudeatzeko, emakumeen bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.

 Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalak neurri hauek abian jartzea erabaki du:

  • Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra edukitzeko urratsak egitea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.
  • Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
  • Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea.
  • Arlo publiko nahiz pribatuan udalerriko zaintza lanen arloan eragiteko neurriak martxan jartzea, besteak beste, zaintzen aitortza soziala egin eta zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean laguntza ematea, lan baldintza duinak bermatuz.
  • Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.
  • Emakumeen ahalduntzerako espazioak bultzatzea, betiere ahalduntze ikuspegi feminista batetik.
  • Toki-mailan, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioak antolatzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.

Azkenik, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.