Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute bihar, ostirala, udaletxe aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2019ko urr. 17a, 13:04
Argazkia: Baleike

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako bederatzi ordezkari independentistari, eta hori salatzeko, elkarretaratzea deitu dute EH Bilduren eta EAJren Udal Taldeek. Bihar, ostirala, egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan, udaletxe aurrean.

Honakoa da EH Bilduk eta EAJk Udalean adostu duten adierazpena:

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako ordezkari independentisten aurka emandako epai larriaren aurrean, EH Bilduren eta EAJren Udal Taldeen izenean ondorengoa adierazi nahi dugu:

  1. Demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
  2. Ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
  3. Kataluniako Procesaren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
  4. Euskal herritarrei zuzenean eragiten diela Espainiako Estatuaren erantzun bortitzak; izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuan erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
  5. Estatuko botereei eskatzen diete espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.
  6. Elkartasuna adierazten diete Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei. Kataluniako herriari eta erakundeei eta herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.