baleike.eus

Alokairu bekari egokitzapen proposamenak egin dizkio Gobernu Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018-07-22 08:00   Gizartea

Horien artean, 100m2-tik gorako etxebizitzetan alokairurako diru laguntza jasotzeko horren prezio muga 800€tara igotzea planteatu du, betiere gutxienez hiru bizikidetza unitate badaude bertan erroldatuta. 

Bestalde, ikasten ari direnek jasotzen duten hobaria bikoiztea ere proposatu du. Proposamen horien helburua da programa berritzaile hori gazteen egungo beharretara moldatzea eta egokitzen jarraitzea.

“Alokairu Beka” ekimena iaz jaio zen Zumaian, gazte zumaiarren emantzipazioa erraztu eta ahalbidetzeko xedez. 

Aipatu ekimena aitzindaria izan da Zumaian, baita erkidegoan ere, proposamenaren oinarriak zehazteko garaian, inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu dituelako gobernu taldeak adibide gisa. 

Gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzeaz gain, bi ezaugarri dira “Alokairu Beka” gainerako alokairu programengandik bereizten duena: alokairu partekatua sustatu eta formazioa bultatzea. Hori horrela izanik, gaur egun, bekaren onuradun bakoitzak, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasotzen du alokairua partekatzeagatik eta ikasten egonez gero10€ko hobaria ere jasotzen du hilero. 

Edonola ere, programa egungo gazteen beharretara moldatu eta egokitzen jarraitze aldera, lehen hartu-emanaren zein esperientziaren ostean, bi egokitzapen proposamen egin dizkio ekimenari gobernu taldeak. 

Alde batetik 100m2tik gorako etxebizitzetan alokairuaren prezioa 600€tatik 800€tara igotzea proposatu du, betiere, 3 bizikidetza unitate (onuradun ala ez onuradun) badaude bertan erroldatuta. Bestetik, formazioa bultzatzen jarraitze aldera, ikasten ari diren gazteen hobaria bikoiztea proposatu du, hileko 10€tatik 20€tara.  Egokitzapen horiek helburu dute, esan bezala, “Alokairu Bekak” egungo gazteen beharrei erantzuna ematea. Gainerako oinarriak, berdin mantenduko dira, hau da, “Alokairu Bekak” diruz lagunduko ditu 600€ arteko alokairu kostua duten etxebizitzak eta 18-30 urte bitarteko gazteei bideratuta egongo da. 

Alokairuaren egungo egoera Zumaian eta eskaintzen diren diru-laguntzak

2017an 13 gazte zumaiar izan dira “Alokairu Beka”ren onuradunak eta 2018ra begira, eskaera maila handiagoa izatea espero du Udalak. Ildo horretan, aurrekontuaren baitan programa horretara bideratutako kontu saila bikoiztu zuen udal gobernuak, zehazki 63.000€tara handituz. Horri lotuta, aurtengo izen ematea datozen hilabeteotan zabalduko duela jakinarazi du udal gobernuak. 

Horrez gain, badira Zumaian alokairurako eskaintzen diren bestelako diru-laguntzak: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), udal Gizarte Zerbitzuetatik eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) Eusko Jaurlaritzatik. Guztira 85 etxebizitza daude Zumaian alokairuan aipatu bi laguntzei atxikita eta horietatik %85ak 600€tik beherako alokairua ordaintzen dute. 

Halaber, datorren urteari begira, Eusko Jaurlaritzak gazteei zuzenduriko alokairurako diru laguntza jarriko du martxan. Programa horrek, hiriburuetan 750€tan finkatu du alokairuaren prezio muga eta herrietan, aldiz, Zumaian bezala, 600€tan. 

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2018-07-22 11:43 Erantzuna | #1

Postureo hutsa dira horrelako notiziak, atzetik gauzak aldatzeko borondaterik ez dagoenean.

1. Iaz, EAJk EH Bilduren alokairurako proposamena hartu, mugak handitu eta laguntzak txikitu, eta berea balitz bezala jarri zuen martxan. Iaz bertan demostratu zen ordea EAJk gure proposamenari eginiko aldaketek laguntza eraginkor ez izatera eraman zutela: ez zen aurreikusitako partida ere gastatu, laguntzak jende askori ukatu egin zitzaizkielako, EAJk jarritako neurriak eta Zumaiako errealitatea ez zetozelako bat.

2. Hori horrela, iaztik esaten ari gara laguntzeko borondatea badago neurriak aldatu behar direla, eta hau proposatzen dugu:

-Gehienezko alokairuaren prezioa Zumaiako errealitatera egokitzea, 650 euroko muga Zumaiako prezioetatik urrun dagoelako, zoritxarrez.

-Laguntzak jasotzeko adin tartea zabaltzea, alokairua ez baita 30 urte bitartekoen arazoa bakarrik.

-Herrian 2 urtez erroldatua egotea nahikoa izatea (10 urteko muga gehiegizkoa da).

-Neurri hauek aldatuta jende gehiagori lagunduko zitzaionez, diru partida handitzea.

3. Iaztik ari gara hau dena esaten, eta EAJk urte osoan ez du gure proposamenak negoziatzeko imintziorik egin. Orain, plenora presaka eraman nahi izan dituzte beraien bi aldaketa horiek, atzetik dagoen arazoa konponduko ez dutela jakin arren. Zerbait aldatu izanaren itxura egiteko ari da EAJ. Makillaje hutsa, ez dagoelako benetako borondaterik laguntza hauek ahal den eraginkorrenak izan daitezen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa