'Familia Harrera' egitasmora atxikitzeko hiru familia zumaiar behar dira

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mai. 29a, 13:43

Aipatu egitasmoa Bilbo Handiko Lauro ikastolak, UEMAk eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean landutako proiektu pilotua da eta helburu du Lauro ikastolako 30 gaztek UEMAko kide diren udalerri euskaldunetan astebete pasatzea euskaraz bizi diren eremuak ezagutu eta beraien inguruan euskararen erabilera areagotzeko.

Lauro ikastola Lauroeta auzoko nekazal ingurunean dago, Loiun, eta euskararekiko konpromiso eta sentsibilitate handia badu ere, Bilbo Handian kokatuta dagoenez, ikasleentzat zaila da eskolatik kanpoko harreman sareak euskaraz sortu eta mantentzea. Hori dela eta, Lauroko ikasleek arriskua dute euskara ikastolako tresna gisa soilik ikusteko.

Eta hain zuzen hori aldatze aldera sustatu da “Familia Harrera” egitasmoa, euskaraz bizi diren herrian badirela ikusarazi eta kalean, etxean eta batik bat lagunartea euskaraz aritzea posible dela frogatzeko, alegia.

Aipatu egitasmoa DBH 3ko eta DBH 4ko gazteekin egingo da. Ikasleen egonaldia ekainaren 22tik 30era izango da eta Zumaiaren kasuan, hiru familia behar dira gaztetxo horiek hartzeko. Familia interesdunek udal webgunean izango dute eskuragarri eskaera orria eta behin beteta, Udaleko euskara zerbitzuan entregatu beharko dute.

Informazio gehiago: HEZKUNTZA@UEMA.EUS | 943-81 66 99

Harrera familia izateko baldintzak:

  • Familiako kide guztiak euskaldunak izatea.

  • Etxeko hizkuntza euskara izatea.

  • DBH3 edo DBH4 mailako seme-alabaren bat izatea familian.

  • Gaztea hartzeko logela bat izatea edo adin bereko seme-alabarekin elkarbanatzeko bitartekoak izatea.

Harrera familiaren egitekoak:

  • Gaztea bederatzi egunez etxean hartzea.

  • Gazteari eguneko jatorduak ematea.

  • Adin bereko gazteak datorrenarekin ibiltzea, bere lagunartean txertatuz.

Harrera familia bakoitzak 150€ko diru saria jasoko du gazte bat etxean hartzearen truke, gazteak sor ditzakeen gastuak estaltzeko helburuarekin.

Harrera familiakoekin aurrelanketa:

Gazteak familietan txertatzeak aldez aurreko lana eskatzen du, bai Lauro Ikastolako gazteentzat zein harrera familietako kideentzat. Ildo horretan:

  • Gaztentzako galdetegia: arnasguneez duten ezagutzaz galdetzeko, udalerri euskaldunetako gazte gisa duten arduraz zer uste duten galdetzeko…

  • Gazteek beraien aisialdiko gustuen inguruko informazioa emango dute.

  • Gazteentzako eta gurasoentzako formazio saioak egingo dira:

  • Edukiak:

    • Udalerri euskaldunak eta arnasguneak.

    • Eusle metodologiaren oinarriak.

    • Lauro ikastolako gazteen egoera soziolinguistikoaren azalpenak.

    • Jokatu beharreko papera egonaldian zehar.

Iraupena: Ordu eta erdi.

Harrera familiakoekin ondorengo lanak:

  • Familiari ebaluazio galdetegia pasatuko zaio.

  • Harrerako gazteari aurrez pasatu zaion galdetegi bera pasako zaio.