Aurtengo udan autobus zerbitzua jarriko du Udalak herrian barrena mugitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko api. 20a, 16:35

Bi hilabete eskas gelditzen dira soilik uda denboraldiari ongietorria emateko eta horrekin batera, baita herriko aparkamendua erregulatzeko sistema indarrean jartzeko ere.

Aurtengoan, gainera, aipatu erregulazioa herri osora zabalduko da, hain zuzen uda sasoian Zumaian izaten den auto gorakadaren aurrean herritarrak lehenetsi eta herrian barrena mugikortasun jasangarria sustatzeko.

Eta hain zuzen jasangarritasun hori sustatu eta autoz egiten diren desplazamenduak gutxitze aldera, herrian zehar mugitzeko autobus zerbitzua jarriko du abian Udalak aurtengo udan lehen aldiz Zumaian.  

Zerbitzu hori uda sasoian egongo da martxan eta joan den azken bi urteetako txu-txu trena ordezkatuko du. Esan bezala, autobus zerbitzuaren helburua da, ibilgailu gorakadaren garaian, herrian autoen erabilera murriztu eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea.

“Herrian gaur egun ditugun mugikortasun joerak aztertuta eta udan Zumaian egon ohi den auto gorakada aintzat hartuta, jasangarritasunaren alde eginez, ibilgailuaren beharrik gabe herrian zehar mugitzeko erraztasunak eskaini nahi ditugu Udaletik eta horretarako proposatu dugu, hain zuzen, herri osoa zeharkatuko duen autobus zerbitzua eskaintzea”, adierazi dute gobernu kideek.

Garraio bide berriaren ibilbidea oraindik zehazteke dagoen arren, hasiera batean desplazamenduak herrian barrena egingo direla aurreratu du Udalak eta horri lotuta, Larretxo auzo goraino iritsiko dela ere gaineratu du. Edonola ere, zerbitzua inguruko herri zein auzoetara zabaltzeko aukera eta beharrak ere aztertuko dituela adierazi du.

Erregulazio sistema herri osora zabaltzeko prozesua aurrera doa

Esan bezala, hondartza denboraldiarekin batera herri osora zabalduko da aparkalekuaren erregulazio sistema eta hori horrela izan dadin lanean jarraitzen du etengabe Udalak.

Ildo horretan dagoeneko amaitu da erregulazio zerbitzua kudeatzeko proposamenak aurkezteko epea eta Udalak 2 proposamen ezberdin jaso ditu.

Une honetan bi eskaintzak aztertzen dihardu eta maiatza erdialderako zerbitzua esleituta eta erregulazio hori arautuko duen trafiko ordenantza behin betiko onartuta izatea aurreikusten du Udalak, modu honetara, aipatu sistema ekainaren 15ean martxan jarri eta aurretik herritarrek hilabeteko epea izan dezaten bertakoen txartela eskuratzeko.

Horretarako, iaz bezala, ezinbestekoa izango da ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea. Ildo horretan, gestio hori lehenbailehen egitea gomendatu du Udalak eta gogorarazi du, behar izanez gero, Udalean bertan aldatu ahal izango dutela herritarrek zumaiarrek ibilgailuaren errolda helbidea.