Zumaiako udal gobernuaren argibide oharra

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko api. 18a, 15:51

Atzoko egunez Txiribuelta elkarteak medio honetara igorritako eta argitaratutako informazioaren harira, Zumaiako udal gobernuak ondorengoa adierazi nahi du:

  • Lokal eskaeraren gaia ez da 2015ean hasitakoa, aurreko legealditik “zintzilik” dagoen gaia baizik.
  • Legealdi hau hasi zenetik, udal gobernu berriak hainbat bilera egin ditu Txiribueltako elkartekideekin, eta horietan beti azaldu du haien eskaerak entzun eta horiek aurrera eramateko borondatea.
  • Udal gobernu honek ez dio inoiz eskaerarik ukatu Txiribuelta elkarteari. Alderantziz. Udal gobernuak interesgarritzat eta egokitzat jotzen ditu elkartearen eskaera eta proposamenak, are gehiago 0-6 urte bitarteko haurren lokalarena, eta horregatik hain zuzen izan du beti, horri eta gainerako beste eskariei erantzuna ematearen aldeko jarrera.
  • Edonola ere, Txiribueltaren lokal eskaera horrek bere berezitasunak ditu, eta horiek aztertu eta lantzeko borondate osoa ere adierazi du  beti udal gobernuak.
  • Borondate horri helduta, esaterako, udal gobernu hau sarritan saiatu da Txiribueltako elkartearentzat lokal egoki baten kokagunea bilatzen.
  • Horri lotuta, elkarteko eskariei arintasunez erantzuna emate aldera, Torreberriko bigarren solairua (Gaztetxea) lokal hori jartzeko gune aproposenentzat jo zuen udal gobernuak. Gaia udal gobernuarekin aztertu eta eztabaidatu aurretik, ordea, bilera bat bera egin gabe, ideia eta kokagune hori baztertu zuten bi aldeek (Gaztetxea eta Txiribuelta elkartea).  
  • Zumaian, zorionez elkarte eta talde asko dago eta nahi izanda ere, Udalak ez ditu guztientzat adina lokal, ondorioz, hainbat elkartek lokalak partekatzen dituzte.   
  • Edonola ere, udal gobernuak gaineratu du Txiribueltak bere ekintzak aurrera eramateko azpiegitura beharrak izan dituenean, Udalak beti erantzun diola: Hogarra, Torreberri, Foronda, Branka, Alondegia, Haurreskola utzi izan dituela bere esku.
  • Espresuki biltegi gisa erabiltzeko lokal bat eskatzeko izan ezik (eskaera egin ahala ahalbidetu zitzaien lokal hori) azken urte eta erdi inguru honetan udal gobernuak ez du Txiribuelta elkartearen berririk izan, ez eta eskaerarik jaso. Ildo horretan gogorarazi nahi die, udaletxeko ateak uneoro zabalik daudela, inolako firma bilketa beharrik gabe, haien proposamenak eta eskaerak aurkeztu ditzaten, ondoren gaia aztertu eta landu ahal izateko.