Santelmoak18

2018ko santelmoak ezinhobeak!

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko api. 17a, 09:58

Zumaiarren zein herriko elkarte eta eragileen parte hartze aktiboa nabarmendu ditu Udalak eta eskerrak ematen dizkie guztiei jai giro aparta sortu eta festez gozatu izanagatik.

Igandean agurtu genituen 2018ko santelmoak. Bi asteburuz herria musikaz, kolorez eta bereziki jai giroz jantzi dugu baina urtero bezala, festa ostean, iritsi da egunerokotasunera bueltatzeko garaia eta horrekin batera, Udalak festen balorazioa egin du aurtengo jaiak arrakastatsutzat joz.

Ildo horretan, eskerrak eman dizkie herriko kultur zein kirol eragile eta elkarte guztiei festen antolakuntzan egindako lana eta inplikazioagatik. “Ekintza egitaraua ilusioz eta esfortzuz beteriko lanaren emaitza izan da eta aurtengo programak herritarren artean izan duen harrera ona, lan eta esfortzu horren isla izan dira” azaldu du Udalak.  

Bestalde, herritarren parte-hartze aktiboa ere azpimarratu du. “Santelmoak oso jai herrikoiak dira eta noski, festak ez dira festa herritarren parte-hartzerik gabe”, azaldu dute Udaletik. Aurtengo santelmoetan, gainera, eguraldia ez da guztiz lagun izan, baina hala eta guztiz Izan ere, zumaiarrek jai giroa sortu eta piztu dutela adierazi du Udalak “eta horri esker, beste behin, aurtengo jaiak arrakastatsuak izan dira, bai parte-hartze eta bai giro aldetik”, gehitu du

Edonola ere, balorazioa egiteko garaian Udalak ez ditu ahaztu festen lehen asteburuan gertatutako eraso zein jarrera sexistak eta horren harira, emakumeenganako indarkeria mota guztien gaitzespen irmoa berretsi du eta gainerako jaietan errespetua eta berdintasuna oinarri izatea espero duela adierazi du.