Aste Santuan jasotako datuak positibotzat jo ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko api. 13a, 12:10

Jada atzean utzi ditugu dagoeneko Aste Santu eta Pazko asteko opor egunak eta urtero bezala, Zumaiako Udalak, bi aste horien inguruko balorazioa egin du, jasotako datuak oinarri gisa hartuta.  

Iaz ez bezala, aurtengo oporraldian eguraldia ez dugu lagun izan eta horrek, noski, eragin zuzena izan du bisitarien fluxuan. Edonola ere, turismo bulegoko datuak bildu eta aztertu ostean, martxoaren 27tik apirilaren 8a bitartean jasotako datuak positiboak izan direla azpimarratu du Udalak. Turismo bulegoak, hain zuzen, aipatutako bi asteetan 1.845 lagunen bisita jaso du. Ildo beretik, Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hiru herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian, guztira 41 irteera egin ditu eta 804 lagunek hartu dute parte.

“Datu horiek iaz jasotakoekin alderatuz, turismoa %18.07 jaitsi da Zumaian aurtengo oporraldian, baina beheranzko joera hori, Zumaiaz haratago, bailara zein Gipuzkoako beste hainbat herrialdeetan ere antzeman da. Horren eragile zuzenena, noski, egun horietan izandako eguraldi kaxkarra izan da, aurtengo Aste Santua oso goiztiarra izan baita”, adierazi dute Udaletik. Dena dela ere, turismo fluxu onak mantendu eta jasotako datuak positiboak direla adierazi du Udalak.

Eta datuei lotuta, azpimarratzekoa da euskara eta euskal kultura ezagutzera eman eta bultzatzeko xedez Udalak sortutako “Enigma Bizia” bisita gidatu berriak bisitarien artean izandako harrera ona. “Aste Santuan zehar 2 bisita eskaini ditugu (29an eta 31n) eta bietan 10 laguneko taldea osatu da”, azaldu dute Udaletik. Kontuan hartuta bisita hori abian jarri berri dela eta oraindik ezagutzera ematen ari dela, jasotako lehen datu horiek oso onak direla adierazi dute turismo sailetik.

“Enigma Bizia”k bere ibilbidea egiten jarraituko du aurrerantzean eta abendua bitarte beste hainbat saio eskainiko dira (egutegia ikusgai www.geoparkea.eus webgunean), gure paisai naturalez haratago, bisitariek gure hizkuntzaren eta kulturaren inguruan ikasteko aukera ere izan dezaten.

Horrez gain, Zumaiako Turismo Plana amaitzear duela adierazi du Udalak eta dokumentu horren bitartez, helburua da aurrerantzean eta etorkizunera begira ere, Zumaiako balio eta baloreetan oinarritutako turismo baten alde lan egiten jarraitzea.