Zumaiako euskararen historia soziala aztertzeko beka deialdia zabaldu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mar. 30a, 10:42

Euskara izanik gure altxor eta ondare kuttun zein baliotsuenetako bat, 2018ra begira hainbat ekimen bultzatu ditu Zumaiako Udalak gure hizkuntza eta haren erabilera babestu eta sustatzeko; Euskaraldia eta euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko bisita gidatu berria horien artean.

Oraingoan Zumaiako euskararen historia soziala aztertu nahi du, gai horri lotutako informazioa bildu, ordenatu eta dibulgaziorako prestatzeko. Horretarako, hain zuzen, ikerketa beka deialdia zabaldu du eta ibilbide hori osorik aztertzea lan izugarria dela jakinik, lehen deialdi honetan 1766 eta 1966 bitarteko epea hartu du ikergai.

Aipatu beka norbanakoek nahiz horretarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da diplomaduna edo lizentziaduna izatea eta euskarazko gaitasuna frogatzea EGA edo baliokidea den agiria aurkeztuz.

Proiektua, azterlana eta memoria, noski, euskaraz egingo dira osorik eta ikerketa lanak originala eta argitaratu gabea izan beharko du.

Interesdunek apirilaren 28ra arteko epea izango dute eskabideak Zumaiako udaletxean aurkezteko. Bekaren onuraduna adituek osatutako epaimahaiak erabakiko du eta horretarako kontuan izango ditu, besteak beste,  eskatzaileen curriculuma edota lan esperientzia.

Ikerketa beka puntu gehien duenari esleituko zaio eta orduz geroztik 18 hilabeteko epea izango du ikerketa lana burutzeko.

Beka hori 2018ko udal aurrekontuetan jasotako proposamen berritzaileetako bat da, eta horren bitartez Udalaren helburua da herrian euskarak urtetan izan duen garrantzia eta bilakaera aztertu eta ezagutzera ematea.  

Oinarriak eta gainerako agiriak www.zumaia.eus webgunean daude eskura.