Lizitaziora atera dituzte Oikiako eskola berria eraikitzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko ots. 24a, 09:15

Urte ugari egin dituzte oikiarrek eskola berriaren zain eta badirudi itxaronaldia amaitzear dagoela, atzo bertan atera baitira lizitaziora aipatu eskola eraikitzeko lanak 1.728.541,09€ko aurrekontuarekin.

Eraikin berriaren proiektua idatzita eta onartuta dago jada eta orain hori aurrera eramateko eskaerak aurkezteko epea zabaldu da. Enpresa interesdunek, beraz, apirilaren 3a arte izango dute proposamenak aurkezteko epe-muga. Behin hori amaitu ostean, jasotako eskaera guztiak aztertuko dira eta prozedurarako zehaztutako irizpide eta baldintzei jarraiki, proposamen onena egin duen enpresari esleituko zaizkio eraikitze lanak.

“Eskola berria eraikitzeko prozesu luze horretan, obrak lizitaziora ateratzeak aurrera pauso garrantzitsu bat suposatzen du eta albiste ezin hobea, noski, Oikia eta oikiarrentzat, bertako haur eta irakasleen beharrak asebete eta egungo azpiegiturak hobetzeaz gain, auzoak izaera eta autonomia handiagoa lortuko duelako eta, gainera, eskola txikiari bultzada eman eta Oikia biziberritzen lagunduko duelako”, azaldu dute Udaletik.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eskola berria solairu bakarrean eraikiko da eta 733m2ko azalera izango du. Eraikinaren baitan bost gela egongo dira:  2 urtekoa, erabilera anitzekoa, talde txikientzako gela eta beste bi gela arrunt. Horrez gain, liburutegia eta jangela ere izango ditu, baita 112m2ko aterpea ere.