Bidezko merkataritza eta kontsumo jasangarriaren aldeko festa antolatu du Gazteguneak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko abe. 27a, 11:30

“Munduko Baratza” proiektuaren baitan, bidezko merkataritza eta kontsumo jasangarria bultzatzeko festa antolatu du Zumaiako Gazteguneak.

Aipatu proiektuaren helburua da haur eta gazteen artean kontsumo kontzientea eta arduratsua sustatzea. Bide horretan, datorren hilaren 29an, LH 4, 5 eta 6. mailako haurrei zuzendutako festa ospatuko da Alondegian, goizeko 11:00etatik 13:00etara.

Bertan, lehenbizi Tarpuy rol jolasean arituko dira haurrak. Tarpuy hitzak “erein” esan nahi du Quechueran, eta jolasaren bitartez, parte hartzaileak Andeetako artoa ereiten duten nekazarien tokian jarriko dira. Helburua da egindako lana eta esfortzuaren ostean lortutako emaitza duina den ala ez aztertzea. Horretarako, erabaki ezberdinak hartu eta froga anitzak pasa beharko dituzte.

Ondoren, erosketa poltsa eraldatzeko tailer jasangarria eta dinamika eta jolas ezberdinak egingo dituzte eta amaitzeko, bidezko merkataritzaren inguruko informazioa jaso eta produktuak dastatzeko aukera izango dute, guztia musikaz girotuta.