Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Zumaiak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko aza. 13a, 12:53

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira, ekintza ugari antolatu dituzte Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean. 

Programazioari hasiera emateko Marienea Emakume Etxeak utzitako “Indarkeria matxista: ZUTIK EMAKUMEOK!” erakusketa zabaldu zen joan den asteazkenean Oxford aretoan, eta ikusgai egongo da hilaren 26a arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Bihar, asteartean, Emakundek ekoiztutako Volar dokumentala eskainiko da, Oxforden ere, arratsaldeko 18:30ean.

Azaroan aurrera eginez gero, hilaren 22, 23 eta 24an Berdintasunerako Gunea deituriko espazioa atonduko da Eusebio Gurrutxaga plazan, eta bertan hainbat ekintza eramango dira aurrera. Esate baterako, hilaren 22an, Donostiako eta Eibarko Emakumeen Etxeetako kideak izango dira Zumaiako emakumeen etxea eraikitzen izeneko mahai-inguruko gonbidatu gisa arratsaldeko 18:30ean. 23an, aldiz, Aholkusex zerbitzuaren gidaritzapean tailer bat egingo da.  Nolako bikote harremanak sortzen ditugu? izango da saioaren ardatza eta horren baitan Si de verdad quieres filma jarri eta honen inguruko solasaldia egingo da arratsaldeko 18:00etan.

Azaroaren 24erako bi ekintza daude aurreikusita: Istanbuleko hitzarmenaren inguruko hitzaldia lehena eta Frida antzezlanaren saioa bigarrena. Hitzaldiari dagokionez, gazteleraz eskainiko da arratsaldeko 18:30ean, esan bezala, Eusebio Gurrutxagako Berdintasunaren Gunean eta antzezlana, aldiz, gaueko 22:00etan izango da, gaztelaniaz ere, Aita Marin.

Halaber, hiru egun horietan zehar, goizez, 09:00-13:00 bitartean, tailerrak egingo dira aipatu gunean Zumaiako ikastetxeetako eta Soldadura eskolako ikasleekin. Gai ardatza: Jaietan ere, nire erabakiarekin aurrera beti! izango da.

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean alegia, elkarretaratzea deitu dute Udalak eta Berdintasun Foroak, Saregileen plazan, eguerdiko 13:00etan eta herritar oro animatzen dute bertan parte hartzera.

Ildo beretik, Zarautz, Getaria, Aia, Orio eta Zumaiako ikastetxeek hainbat ekintza eramango dituzte aurrera egunean zehar, guztiak "tratu onekin dantzan” lelopean.