baleike.eus

Ongizatea eta elkarbizitza bermatuko dituen turismoaren alde urratsak eginez

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017-11-02 14:38
Turismo Planeko lehen laborategiaren emaitzei erreparatuz, erronka zein lehentasun ezberdinak planteatu dituzte herritarrek: elkarbizitza, ekintzailetasun turistikoa, tokiko sentimendua edota kultura-ekosistema, besteak beste. Datorren hilaren 10ean bigarren laborategia egingo da eta bertatik jasotako emaitzak aintzat hartuta, herria zein herritarren beharrei egokitutako Turismo Plana garatuko da.

Pausoz pauso aurrera doa Zumaiako Turismo Planaren garapena eta bide horretan, dagoeneko publiko egin ditu Udalak joan den irailaren 12an herritarrekin batera egindako lehen laborategi parte-hartzailearen emaitzak.

Martxoan abian jarritako Turismo Planaren garapenean, Udalak ezinbestekotzat jo zuen turismoaren inguruan herritarren iritzi eta ekarpenak ezagutzea, eta ez hori bakarrik, baita dokumentuaren lanketan zumaiarrak inplikatzea ere. Horretarako, turismoaren inguruko galdetegia zabaldu zitzaien herritarrei eta horrez gain, 108 elkarrizketa ere egin zituen Udalak, Translokal enpresarekin elkarlanean, Zumaia zein kanpoko arlo edo sektore ezberdinetako hainbat eragileei.  

Behin emaitza guztiak aztertu ostean, herritarrengandik jasotako gai, ekarpen, proposamen eta zalantza nagusiak 10 bektore estrategiko edo ardatz nagusien pean laburbildu zituen eta horiek izan ziren, hain zuzen, irailaren 12an egindako lehen laborategian aztergai izan ziren ildo nagusiak.

Emaitzak ikusgai dituzu HEMEN.

Azaroaren 10ean bigarren saioa

Turismo Planaren helburua da herritarrekin elkarlanean Zumaia eta zumaiarren beharretara egokitutako dokumentua osatzea, aurrerantzean eta etorkizunera begira ere, Zumaiako balio eta baloreak indartuko dituen turismoaren alde lan egiten jarraitzeko.  

Bide horretan, datorren hilaren 10ean bigarren laborategi parte-hartzailea egingo da. Saio hori aurrekoa baino zehatzagoa izango da eta bertan lehen laborategian landutako ardatz nagusiei emandako lehentasuna aintzat hartuta, bost proiektu landuko dituzte parte-hartzaileek, guztiak bideragarritasunean, inplementazioan, prototipatzean, ekintzailetasun lokalean eta datuetan oinarrituta. Bost proiektu horiek dira: ondarea eta identitatea, espazio turistikoen kudeaketa, turismoaren inguruko jarduera ekonomikoen aktibazioa, gobernantza eta azpiegiturak. Oraingoan ere, Udalak eta Translokal enpresak azpimarra berezia jarriko dute taldearen aniztasunean eta laborategia ahalik eta eraginkorrenak izan dadin, aurrekoan baino lan talde txikiagoak osatuko dira. Laborategitik jasotako emaitzekin, Zumaiako Turismo Planeko ekintzak zehaztuko ditu Udalak.

Amaitzeko, herritarrei gogorarazi die Turismo Planak martxan jarraitzen duela eta udaletxeko zein turismo bulegoko ateak zabalik daudela uneoro herritarren iritzi zein ekarpenak jasotzeko. Nahiago duenak turismoplana@zumaia.eus helbide elektronikora ere bidera ditzake proposamenak.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa