Aurten ere aurrekontuetarako proposamenak egiteko bideak zabalduko ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko urr. 13a, 11:32

Iazko ekimenari jarraiki, urriaren 16tik azaroaren 15a bitartean, Udal webgunean eta helbide elektroniko bidez aurkeztu ahal izango dituzte zumaiarrek aurrekontuetarako proposamenak. Horrez gain, datorren astean banatuko den udal aldizkarian ekarpenak egiteko inprimakia ere izango dute eskura. Ekimen horrekin Udal gobernuak helburu du herritarren iritzi eta ekarpenak jasotzea, datorren urtean Zumaian aurrera eramango diren proiektuek herritarren beharrei, eskaerei eta iradokizunei erantzun diezaieten.

Jada bete betean sartu gara 2017ko azken hiruhilekoan eta  Zumaiako Udala dagoeneko buru belarri ari da datorren urteko udal aurrekontuen proposamena lantzen.

Bide horretan, iaz egin bezala, aurten ere ezinbestekotzat jo du, 2018ko udal aurrekontuetan herritarren inplikazio eta parte-hartzea sustatzea, herritarrekin elkarlanean Etorkizuneko Zumaia eraikitzeko bidean urratsak ematen jarraitzeko.

Horiek horrela, urriaren 16tik azaroaren 15a arte, udal gobernuak hainbat bide jarriko ditu martxan zumaiarren proposamen eta iradokizunak jasotzeko. Alde batetik, herritarren eskura jarriko du udal webgunean ekarpenak egiteko formularioa eta bestetik, aurrekontuak2018@zumaia.eus helbide elektronikoa ere ahalbidetu du, hala nahi duenak bertara bidera ditzan proposamenak. Horrez gain, datorren astean zehar etxeetara banatuko den udal aldizkarian ere, ekarpenak egiteko inprimakia txertatu du eta hori Alondegia eta udaletxeko sarreran egongo diren postontzietan utzi ahal izango dute zumaiarrek.

Ekimen horren bitartez gobernu taldearen helburua da herritarren iritzi, proposamen eta ekarpenak ezagutzea, datorren urteari begira, udal aurrekontuetan jasoko diren proiektuek zumaiarren egungo behar, nahi eta eskaera zehatzei erantzun diezaieten.

Aurrekontuak lantzeko garaian, hauteskunde programarekin batera, ibilbide orri gisa erabiliko ditu gobernuak Plan Estrategikoaren baitan herritarrekin elkarlanean landutako proiektuak, baita noski, aurrekontu parte-hartzaileen bitartez zumaiarrengandik jasotako ekarpenak ere, modu horretara, guztien beharretara egokitutako herria eraikitzeko.