baleike.eus

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko "Alokairu Beka" programa onartu du Zumaiako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017-10-02 09:55
Programa horren helburua da alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea. "Alokairu Beka" abenduan jarriko da indarrean eta lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko diru-laguntza jasoko dute.

Joan den ostegunean arratsaldeko 18:00etan egindako ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko gobernu taldeak landutako "Alokairu Beka" programa, EAJ-PNVren udal gobernuaren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Programa hori 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta helburu du haien emantzipazioa erraztu eta bultzatzea. Horretarako, indarrean dauden programen azterketa sakona egin du udal gobernuak eta inguruko herrietako ereduez haratago, Europa iparraldeko herrialdeetakoak hartu ditu oinarri, noski, betiere, eredu horiek Zumaiaren eta gazte zumaiarren beharretara egokituz.

Ildo horretan, “Alokairu Beka” programa aitzindaria izango da eskualde mailan eta bi dira, hain zuzen, indarrean dauden gainerako programetatik bereizten dituen ezaugarriak.

1. Alokairu partekatua

Lehenik eta behin, “Alokairu Bekak” alokairu partekatua sustatzea du helburu eta hori lortze aldera, diru-laguntza handiagoa jaso ahal izango dute gazteek alokairua partekatuz gero. “Gaur egun gazte askok ezin dute haien irabaziekin bere kasa emantzipatu, horregatik, Udaletik, lagun taldean egiteko aukera eskaini nahi izan diegu”, adierazi dute gobernu kideek. Bide horretan, laguntza eskaera indibiduala egin ahal izango dute gazteek, baina, alokairua partekatuz gero, bekaren onuradun bakoitzak, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain,  %10eko hobaria jasoko du. Horri esker, “Alokairu Bekak” norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehieneko diru-laguntza 150€koa izanik.

Horrez gain, alokairu partekatua sustatzeak, gaur egun eskaintzen diren etxebizitzen erabilera eta okupazioa areagotzea ere ahalbidetuko du.

2. Formazioa bultzatzearen aldeko hobaria

“Alokairu Bekaren” bitartez jasotako diru-laguntzaz gain, herriko gazteen formazioa bultzatu eta lan merkatuan txertatzeko dituzten aukerak zabaltze aldera, Udalak hilero 10€ko hobaria emango die programaren onuradun bakoitzari, baldin eta urteko 150 ordu baino gehiagoko ikasketak egiten ari diren.

“Alokairu Beka” jasotzeko oinarrizko baldintzak

18-35 urte izatea eta gutxienez 10 urtez Zumaian erroldatuta egotea dira “Alokairu Bekara” atxikitzeko oinarrizko baldintzak. “Ez dugu nahi gazte zumaiarrak herritik kanpora bizitzera joan behar izatea herrian bertan alokairua garestiegia delako”, azaldu dute Udaletik. Izan ere, 2008tik hona, herriko populazioaren hazkundea dela-eta, (1000 lagun gehiago) etxebizitza eskaera handiagoa da eta eskaintza, aldiz, txikiagoa. Ondorioz, etxebizitza zein alokairu prezioak garestitu egin dira eta bereziki gazte askok kanpora jotzen dute bizitzera. “Alokairu Bekaren” bitartez, ordea, kanpora irtete hori ekidin eta herriko gazteei eman nahi diegu lehentasuna”, adierazi dute gobernu kideek.

“Alokairu Beka” abenduan jarriko da indarrean eta programaren lehen onuradunek 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Alokairu Bekaren diru-laguntza jasotzeko, etxebizitzaren alokairuak ezingo du 600€tik gorakoa izan.

Programaren nondik-norakoak jasotzen dituen ordenantza ikusgai duzu www.zumaia.eus webgunean. Edozein zalantza argitu edo informazio gehiago jasotzeko deitu 943 86 50 25 (404 luzapena)  edo idatzi berdintasuna@zumaia.eus helbidera.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2017-10-02 11:17 Erantzuna | #1

ZERGATIK ONARTU DA ZUMAIAN ALOKAIRURAKO ZEUDEN BI LAGUNTZA PROPOSAMENETATIK MURRITZENA? BORONDATE KONTUA DA.

EH Bildu Zumaiak ez du EAJ ren proposamenaren aldeko botoa eman, mahaiaren gainean zeuden bi proposamenetatik (guk ekainetik publiko egidakoa eta EAJrena) azkenean murritzena onartu delako.
-EH Bilduren proposamena zen laguntza horietarako 100 000 euro bideratzea, eta azkenean 30 000 bideratzea onartu dute PSEE eta EAJk.
- EH Bilduk zumaiar guztiei zabaldutako proposamena jarri zuen mahai gainean, eta soilik 18-35 adin tartekoei mugatutakoa onartu dute gaur EAJ eta PSEEk.
-Zumaian gaur egun dauden prezioak kontrastatu ondoren, EH Bilduk laguntza jasotzeko alokairuaren muga 700 eurotan jartzea proposatzen zuen. Aldiz, EAJ eta PSEEk gehienez 600 euroarteko alokairuak laguntzea erabaki dute, horrek jende asko laguntzetatik kanpoan utziko duela jakin arren.
Mahai gainean bi proposamen izanda, zergatik egin laguntza gutxiago emango dituenaren alde? Borondate kontua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa