"Udako balorazioa positiboa da"

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 25a, 12:09

Uztaila eta abuztua bitartean 21.012 bisitari jaso ditu turismo bulegoak eta bisita gidatuek %16ko igoera izan dute. Datozen urteei begira, Udalak datu onak mantendu edota hobetzeko Zumaiako balio eta baliabideetan oinarritutako turismoa bultzatzeko lanean jarraituko du.

Dagoeneko amaitu da uda denboraldia eta horrekin batera, aurtengo hiruhilekoaren datuak jaso eta aztertu ostean, udaldiaren balorazio positiboa egin du Zumaiako Udalak.

Euskal Kostaldeko Geoparkeari dagokionean, aipagarria da hiru herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian, eskaini diren bisita gidatu kopurua; guztira 333 irteera egin dira (126 uztailean eta 207 abuztuan) eta 10.007 lagunek hartu dute parte horietan. Kasu honetan, iazko datuekin alderatuta, bisita gidatuek %16ko igoera izan dute.

Zumaiaren kasuan, uztailaren 1etik abuztuaren 31a bitartean 21.012 lagunen bisita jaso du turismo bulegoak. Horietatik 3.220 EAEkoak, 13.500 estatu mailakoak eta 4.292, aldiz, atzerrikoak. Estatu mailan kataluniarrak nagusitu dira eta atzerritarrak aldiz, frantsesak izan dira gehien bisitatu gaituztenak.

Datu horiei erreparatuz, aurten ere turismo fluxuak zifra onak mantendu dituela adierazi dute Udaletik. “Egia da iazko datuekin alderatuz, orokorrean 2017ko udan turismoa jaitsi egin dela ez Zumaian soilik, baita Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herrialdeetan ere, izan ere, aurtengo oporraldian eguraldia ez dugu lagun izan eta tamalez egun fresko zein euritsuak nagusitu dira eta horrek, noski, eragin zuzena izan du jasotako datuetan”. Esate baterako, Zumaian, 2016ko datuekin alderatuz, %21 jaitsi da bisitari kopurua uztailean eta %11, aldiz, abuztuan. 

Hala eta guztiz ere, emaitzak positibotzat jo ditu Udalak eta ildo horretan, datozen urteei begira, Zumaiako balio eta baliabide anitzetan oinarritutako turismoa sustatu eta bultzatzeko Turismo Planaren garapenean lanean jarraituko duela adierazi du. “Udal honek, gure ondarean, hizkuntzan, kulturan, naturan edota gastronomian oinarritutako turismo baten alde egiten du eta horiek indartu eta bermatzeko helburuarekin gogor jarraituko dugu lanean”, amaitu dute Udaletik.