Amaitu da aparkamenduen erregulazio sistemaren lehen txanpa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 15a, 15:13

Dagoeneko bukatu da udaldia eta horrekin batera amaitutzat eman du Udalak ere erdiguneko aparkamenduaren erregulazio sistemaren lehen txanpa. Udalbatzak aho batez onartutako sistema indarrean egon da ekainaren 15etik irailaren 15a arte, baina bihartik aurrera, erdiguneko egoiliar zein OTA guneak ez dira indarrean egongo, hau da, ez da beharrezkoa izango egoiliar txartela edota tiketa inprimatzea bertan aparkatu ahal izateko. 

Dena den, sistema aurkeztean azaldu gisa, badira salbuespenak, urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak, alegia. Horiek dira:

Ardantzabide: auzoko egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da zona 1 edo 2ko bertakoen txartela izatea. Horrenbestez, 3 eta 4ko egoiliar txarteldunek eta gainerako herritar zein kanpotarren ezingo dute auzoko egoiliar gunean aparkatu.

 

Errotazio altuko A gunea (Moilaberriko zubitik Pulpo elkarte pare arte): bertan aparkatzeko ezinbestekoa izango da tiketa makinan inprimatzea eta ordu mugak 90 minutukoa izaten jarraituko du. Ibilgailua Zumaian erroldatuta duten biztanleek, orain arte bezala, doan aparkatu ahal izango dute bertan, betiere, tiketa inprimatuz.

  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-20:00 / larunbatetan 08:00-13:00. Ordutik aurrera, larunbat arratsaldean eta igande zein jaiegunetan ez da erregulatuta egongo.

OHARRA: datorren astean zehar ez da makinarik egongo Udalak horien kokalekua berraztertu bitartean. Beraz, datorren astean ez da tiketik inprimatu beharko.

Errotazio altuko C gunea (udaletxe parean dagoen gunea): udaltzainek kontrolatutako gunea izaten jarraituko du, ez da tiketik inprimatu beharko eta aparkatzeko ordu-muga 20 minutukoa izango da.

  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-15:00 / Larunbatetan 08:00-12:30. Ordutik aurrera, larunbat arratsaldean eta igande zein jaiegunetan ez da erregulatuta egongo.

Hausnarketa eta balorazioa egiteko garaia

Aurtengo uda izan da herrian aparkamendua erregulatu den lehen urtea, Zumaia izan baita horrelako sistema bat ezarri duen kostako azken herria. Ildo horretan, egindako akatsak identifikatu, zuzendu eta datorren urteari begira sistema hobetzen jarraitze aldera, dagoeneko hasia da Udala azken hiruhilabetekoaren inguruko azterketa eta diagnosi sakona egiten: datuak bildu, akatsak identifikatu…

Bide horretan, ordea, ezinbestekoa da Udalarentzat herritarren iritzi, esperientzia eta ekarpenak jaso eta ezagutzea, lagungarriak izango baitira guztiak 2018ra begira landuko den erregulazio sistema herritar ororen beharretara egokitu dadin.

Horretarako bildu da 3 bider herriko ostalari eta merkatariekin eta datozen hilabeteotan zumaiarrekin bilera irekiak deituko dituela ere aurreratu du. Halaber, gogorarazi du, bien bitartean mugikortasuna@zumaia.eus helbide elektronikoa zabalik dagoela, zumaiarrek bertara bidera ditzaten gaiarekin lotutako eskaera eta ekarpen guztiak.

Amaitzeko, zuzentze, egokitze eta hobetze lan horiek guztien artean elkarlanean garatuko dituela azaldu du Udalak. Ildo horretan eskaera berezia egin die Udalak herritarrei parte-hartu eta ekarpenak egin ditzaten.  “Uda osoan zehar jarraipen zuzena egin diogu Udaletik sistemaren aplikazioari eta orain, zumaiar ororen esperientziak aintzat hartuta, herritarren ekarpen eta laguntzarekin antolamendu berria osatuko dugu, datorren urteari begira aurtengo akatsak errepika ez daitezen eta sistema berriak herritarren beharrei erantzun diezaion”, amaitu dute Udaletik.