Herri Eskolako bi ikastetxeen arteko pasabidea konpondu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 6a, 14:52

Egokitzapen lanek helburu dute bertatik pasatzen direnen mugikortasun zein irisgarritasuna hobetzea

Urte ugari egin ditu egoera txarrean Herri Eskolako bi eraikinak elkartzen dituen pasabideak eta, besteak beste, horren ondorioz, mugikortasun urriko pertsonek ezin zuten bertatik pasa.

Horren berri jaso orduko Zumaiako Udala Herri Eskolako zuzendaritzarekin eta Mugikortasun Urriko elkarteko kideekin bildu zen pasabidearen behar eta gabeziak identifikatu eta horiei konponbidea emateko. Bilera horretan pasabidea hobetzeko konpromisoa bere gain hartu zuen eta orain, emandako hitza beteaz, dagoeneko konpondu eta egokitu du bi ikastetxeen arteko bide hori.

Konponketa eta egokitzapen lanek helburu dute pasabidearen egungo egoera hobetu eta bereziki erabiltzaile guztien mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea.

Axular ibilbideko eta Jadarreko hormaren lanekin egin bezala, uda sasoia aprobetxatu nahi izan du Udalak lanak aurrera eramateko, ikastetxea itxita dagoen garaian, alegia, modu honetara ez baitira haurrak bertatik pasatzen ibili.