The Police taldearen kantak nagusitu ziren larunbatean Ondartxo plazan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 4a, 15:07
Synchronicity taldeak eskainitako kontzertuak herritarren artean izandako harrera ezin hobea eta partaidetza itzela nabarmendu ditu Udalak eta etorkizunera begira horrelako beste hainbat ekitaldi antolatzeko borondatea azaldu du.

Jendetza bildu zen joan den larunbatean Ondartxon, The Police talde ezagunaren abesti famatuenak bertsionatzen dituen Synchronicity taldeak eskainitako kontzertuaz gozatzera.

Izan ere, uztailean The Fly taldearen emanaldiak herritarren artean izandako erantzun zein harrera ona ikusirik esperientzia errepikatu nahi izan du Udalak, oraingoan, Synchronicityren eskutik, 70-80. hamarkadako talde famatuenaren abestiak gogora ekarriz.

Horiek horrela, giro ezin hobea bizitu zen Ondartxon eta Udalak herritarren partaidetza itzela azpimarratu eta eskertu ditu. Oraingo honetan ere ekitaldiak harrera ezin hobea izan du zumaiarren artean eta horrenbestez, etorkizunera begira horrelako ekitaldi gehiago antolatzeko konpromisoa eta borondatea azaldu ditu Udalak.