Bidegorri sarea Itzurun hondartzaraino helduko da

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 4a, 11:47

Zumaian eta zumaiarren artean mugikortasun ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatzeko bidean aurrera pausoak ematen jarraitzen du Udalak eta ildo horretan, oraingoan, herriko bidegorri sarea Itzurun hondartzarekin lotzeko lanei ekin die.

Horiek horrela, datozen asteotan aipatu bide hori zabaltzeko lanak eramango ditu aurrera. Modu honetara, Arbustainetik (autobusak biratzen duen lekutik) Ardantzabide aldera bideratuko dira bizikletak eta ondoren, Amaia plaza atzealdetik hondartzaraino Itzurun zuhaitz-bidearekin lotuko da bidegorria.  

Aurrekontu parte hartzaileetan jasotako proposamena da, hain zuzen, bidegorri sarea Itzurun hondartzaraino zabaltzea eta helburu du Zumaia zein zumaiarren mugikortasun eta irisgarritasuna hobetu eta bermatzea. Gainera, aurten, hondartzara bizikletaz doazenen kopuruak nabarmen egin du gora, horrenbestez, bidegorriko erabiltzaileen beharrei erantzuna ematea da ere Udalaren xedea.

Ildo horretatik, bizikletak uzteko lekuak ere handituko dituela iragarri du Udalak, bai Itzurunen zein Santiagoko hondartzan. Horretarako, gaur egun bizikletentzat dagoen kablea 50 metro luzatuko du Udalak bi hondartzen artean. Horrez gain, egungo aparkalekuak ere mantenduko ditu.