Axular eta Jadarre, itxura berrituta

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko ira. 1a, 13:12

Aurreko astean iragarri bezala, Axular eta Jadarreko obrak iritsi dira amaierara. Bi hilabeteko lanen ostean, eremu hori dagoeneko zabalik dago berriro oinezko zein trafikoarentzat, oraingoan, itxura berrituta. 

Ibiltokiaren herritartze proiektua udal gobernuaren hauteskunde programan jasotako ekimena da eta bertan egindako lanen helburua izan da eremuko mugikortasun zein irisgarritasuna hobetzea, baita, noski, oinezkoen eta haurren segurtasuna bermatzea ere, betiere, ibilgailuaren gainetik oinezkoak lehenetsiz. Ildo horretan, hauteskunde programan agindutakoari helduz, 2017ko aurrekontuen baitan gorde zuen Udalak proiektua aurrera eramateko kontu saila.

Horiek horrela, azken bi hilabeteotan egindako lanen artean, Axular ibiltokiari dagokionean, espaloiak zabaldu eta errepideko errailak estutu ditu Udalak. Orain arte, espaloiak 0.90-1.00 metro bitartekoak izan dira eta egindako egokitzapenen ostean 2 metroko zabalera hartu dute, modu honetara gaur egun legeak exijitzen duen irisgarritasun neurria beteaz. “Axular ibiltokitik herritar eta haur asko pasatzen dira egunero. Orain arte oso espazio txikia izan dute pasatzeko, baina egindako lanei esker, oinezkoak lehenetsi eta haientzat espazioak berreskuratu ditugu, noski, segurtasuna ardatz hartuta”, adierazi dute Udaletik. “Gainera, neurri horrek eskola bide seguruak eraikitzen ere lagundu digu, haurrek espazio zabalagoa baitute orain eskolara iristeko”, gehitu dute.

Espaloiak zabaldu eta oinezkoentzat espazioa irabazteaz gain, errepideko errailak ere estutu ditu, bertatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura murrizteko helburuz. Kasu honetan, errepideko bi noranzkoak mantendu ditu eta Trafikoko arautegiak ezartzen duen zabalera ere  bermatu da.  Halaber, 300 bat metroko espazio bat ere doitu da aparkaleku gisa, non, 55-60  ibilgailu inguruk aparkatu ahal izango duten.   

Bestalde, mugikortasun jasangarri eta osasuntsu baten aldeko apustuan eta ikastetxera autoz egiten diren desplazamenduak gutxitze aldera, bidegorri berria eraiki eta orain arte zegoenari jarraipena eman dio Udalak, Txomin Agirre, Zuloaga plaza, Erribera eta Axular ibiltokiko bidegorri sarea elkar lotuz.

Aldaketa horiek guztiak ikastetxea itxita zegoela aprobetxatuz eraman ditu aurrera. Izan ere, uda sasoia izanik, haurrak ez dira bertatik pasatzen ibili eta oinezko gutxiago ibili da eremuan.

Amaitzeko, azken asfaltatze lanak aste honetan egingo direla adierazi du Udalak eta horiek guztiak ostiralerako amaitzea aurreikusi du.

Jadarreko hormaren berreraiketa

Axular ibiltokiko obra aprobetxatuz, Jadarreko horma berreraikitzeko lanak ere burutu ditu Udalak. Horma hori 2011n eraiki zen lehen aldiz baina 2015ean eraitsi egin behar izan zen gaizki eraikita zegoelako. Oraingoan, behin betiko erantzuna emate aldera, guztiz berreraiki da berriro.