Musika Jaialdiak izandako arrakasta eta harrera ona azpimarratu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko abu. 17a, 15:11

Festarik festa eta ekitaldiz ekitaldi aurrera doa uda Zumaian. Musika Jaialdia, Gala gaua edota Euskal Jai Eguna dira dagoeneko ospatutakoak eta gertu daude Kuadrilla Eguna edota iraileko Olarro Eguna, besteak beste.

Ildo horretan amaitu berri den Musika Jaialdiaren balorazioa egin du Udalak, horren arrakasta eta harrera ona azpimarratuz. “Zumaiako Musika Jaialdia uda sasoiaren ikur bilakatu dela esan daiteke, urteen poderioz udako agenda eta egitarauaren ekimen garrantzitsuenetarikoa bilakatu eta gero eta jende gehiago erakartzen baitu”, azaldu dute Udaletik. Horren harira, eskerrak eman dizkie Udalak jaialdiaz gozatzera animatu diren entzule eta ikusle guztiei, jaialdiaren antolakuntza lanetan lagundu dutenei eta baita, noski, musikariei ere, egindako lan bikainagatik. “Musikari eta dantzari paregabeak izan ditugu gure artean eta horiei esker, beste behin, kalitatezko musika zein ekitaldiez gozatzeko aukera aparta izan dugu aurten ere”, gehitu du.

Era berean, berriki ospatutako Euskal Jai Egunaren inguruan ere bere esker ona adierazi die Udalak zumaiarrei zein herriko elkarteei, jai egun horren antolakuntzan egindako lan eta esfortzuagatik. “Giro ezin hobea bizitu zen herrian eta zumaiarren partaidetza itzela izan zen”, adierazi dute Udaletik.

Amaitzeko, abuztuan zein irailean oraindik ospatzeke dauden ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu die Udalak herritarrei. “Oraindik asko gelditzen da uda agurtzeko eta bien bitartean, Zumaian, hainbat eta hainbat ekitaldi eta ekintza eramango ditugu aurrera herritarrekin batera, oporraldi sasoi hau behar bezala aprobetxatzeko”.