Badatoz San Pedro jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko eka. 28a, 09:35

Festa giroan murgilduko da gaur herria eta horren harira, aurtengo sanpedroak ezin hobeak izan daitezen herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean antolatutako ekintza egitarau zabala aurkeztu du Udalak. Festen programaren baitan adin guztiei zuzendutako ekitaldi, jolas, kontzertu eta ekintzak antolatu ditu, hilaren 28tik hasita uztailaren 2a arte, guztiek goza dezaten herriko festez.

18:00etan emango zaie hasiera gaur festei txupinazoaren hotsarekin eta jarraian, erraldoi eta buru-handiek, Tolosako dultzaineroez lagunduta, herriko kaleak girotuko dituzte kalejiran. 18:45ean, urtero bezala, Sagarbidetik abiatuko da Sanpedroetako danborrada eta 20:00ak inguru amaituko da udaletxe parean herriko banderaren jasotzearekin. Danborradak omentzen duen Joxe Antonio Txiki Gorostolak igoko du bandera.

Eta ekainaren 28an LGTB eguna dela aintzat hartuz, aurten lehen aldiz egun hori ospatzeko disko-festa eskainiko da, gaueko 22:00etan Kofradian, Dj Unai Goikolearen eskutik.

Hilaren 29an, San Pedro eguna izanik, goizean goiz hasiko dira Zumaian eguneko lehen ekitaldiak. 09:00etan diana egingo da Tolosako dultzaineroekin eta 10:45ean alkate soinua, prozesioaz eta meza nagusiaz jarraituta.  Ondoren, egunean zehar, beste hainbat ekintza eta ekitaldi egingo dira, besteak beste: haurrei zuzendutako tailer eta herri kirolak, Musika Bandaren kontzertua, txarangaren kalejira, nesken pilota partidua edota diskoteka Amaia plazan.

Herri kirolen jaialdia ere egingo da Beheko plazan, 19:00etatik aurrera. Parte hartuko duten kirolariak Arria V.a, Txikon, Bihurri eta Mindegia aizkolariak, Iparraldeko jokoetan aritzen diren Aretxabaleta eta Laura Basatxu eta Joseba eta Udane Ostolaza, eta Haizea eta Lur, Zumaiako gazteak, harri-jasotzaile lanetan.

23:00etan su artifizialak eskainiko dira Astondoa piroteknia etxearen eskutik eta jarraian, dultzaineroak kalejira egingo dute Arranplatik hasita Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Ondoren dantzaldia egongo da bertan Musika Bandarekin.

Ostiralean, asteburuari hasiera emateko, haurrentzako antzerkia, pilota txapelketa herrikoia eta zirko ikuskizuna egingo dira, besteak beste. 22:00etan, berriz, pilota partidu profesionalak jokatuko dira Aitzurin: Laso-Galarza eta Bakaikoa-Echegoin artekoa lehena eta Olaizola II.a-Albizu eta Urrutikoetxea-Larunbe artekoa bigarrena. Ordu berean, Amaia plazan rock kontzertua egongo da.

Asteburuan murgilduz, larunbatean KAE2 estropada, jota emanaldia, palako pilota txapelketa herrikoia edota txarangaren kalejira egongo dira aukeran. Halaber, aurtengo bigarren berrikuntza gisa, Udalak gaztetxoei arreta berezia eskainiz, haiei zuzendutako festa antolatu du larunbatean, 19:00etatik 22:00etara Arrangoletan. Bertan apar festaz eta Dj emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Gauean, 22:00etan boxeo jaialdia egingo da Lubakin eta Eusebio Gurrutxagan mariatxien kontzertua. Ordu bete beranduago Kofradian Dj 80´s & 90´s.  

Igandean, aldiz, festei amaiera emateko artisau azoka egingo da Beheko plazan 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 ordutegian. 12:00etan KAE1 estropada lehiatuko da eta 18:30ean The Joselontxos txarangak festetako azken kalejira eskainiko du.  

Ekintza egitarau zabal horren harira, Udalak eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten elkarte eta eragile guztiei eta herritar guztiak animatzen ditu ekitaldi zein ekintzetan parte hartu eta festez gozatzera.

Prebentzioa eta segurtasuna ardatz

Halaber, pertsona ororen ongizatea bermatzea izanik Udalaren helburu nagusietako bat, Udalak legealdi hasieratik jarri du azpimarra herritarren segurtasunean. Horretarako, iaz egin bezala, aurten ere, 24 orduz eskainiko du udaltzaingo zerbitzua.