Egoiliar txartela internet bidez ere eskuratu ahal izango da

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mai. 31a, 19:27

Joan den osteguneko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak herriko aparkamendua antolatzeko ordenantza.  Aparkamendu sistema berria indarrean egongo da hondartza denboraldiak irauten duen bitartean, ekainaren 15etik irailaren 15era, alegia. Horrenbestez, datorren hiruhilekoan, erdiguneko egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da egoiliar txartela izatea.

Erregulatutako gunean bizi diren zumaiarrek, ekainaren 1etik aurrera, Ortega eta Gasset kaleko 2 zenbakian (Iparksa) jarri den bulegoan eskuratu ahal izango dute aipatutako txartela eta NAN zenbakia ematearekin nahikoa izango dute hura jasotzeko. Bulegoaren ordutegia 09:00-13:00 eta 15:00-19:00 izango da.  

Aparteko egoiliarrek, ordea, hau da, erregulatutako gunean lan jarduerak egiten dituztenek, bigarren etxebizitza dutenek, egoiliarrak ez diren langileek edota landa-lurretako eta Oikia-Narrondo-Artadiko auzokideek, dokumentazio gehigarria aurkeztu behar dute txartela eskuratzeko. Beraz, izapide horiek guztiaz erraztu eta azkartzearren, buegoan ez ezik internet bidez ere eskatu ahal izango dute egoiliar txartela. Horretarako udal webgunean TAO izeneko atal berezia sortu du Udalak eta bertatik eskatu ahal izango dute, hain zuzen, aipatutako txartela. Horrez gain, atal horretan bertan aurkituko dute aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio guztia (ordenantza atalean). Behin txartela eginda dagoenean, bulegotik pasa beharko da jasotzera.

Edozein kasutan, txartela bulegoan edo internet bidez eskuratzeko, ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea ezinbestekoa izango dela gogorarazi du beste behin Udalak. Horregatik, prozesua arintzearren, beharrezkoa dutenei aldaketa hori lehenbailehen egitea gomendatu die eta ildo horretatik, izapide horiek guztiak udaletxean bertan edo internet bidez egin daitezkeela gaineratu du.

Amaitzeko, zirkulazio tasa Zumaian ordaintzen duten ibilgailu guztien jabeek, doako txartel identifikagarri bat jasoko dute datozen egunotan etxean. Kasu honetan, txartel horrek Zumaiako autoak kanpotik datozenetatik bereiziko ditu,  baina ez du, inondik inora, erregulatuta dauden guneetan aparkatzeko balioko.