Herritarrekiko eta herriko elkarte eta eragileekiko errespetua eskatu dio Udalak Kalea Guztiona Da mugimenduari

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mai. 24a, 19:02

Ekainaren 10erako Kolore guztiak debekuen kontra! lelopean festa antolatu du Kale Guztiona Da mugimenduak. Udalak harriduraz jaso zuen albiste hori komunikabideen bitartez, oraingoan ere, haien programan jasotako ekintzak aurrera eramateko ez baitu herriko kale eta espazio publikoak erabiltzeko inolako kontsultarik egin, ez eta baimenik eskatu.

Ondorioz, arazoak azkar azaleratu dira. Izan ere, antolatutako ekintzetako bat Odieta eta Torreberriko eremuanegitea erabaki dute mugimenduko kideek, esan bezala, aurrez galdetu edota baimenik eskatu gabe. Egun berean, ordea, Pilota Elkarteak leku berean haurren finalak jokatzea aurreikusita du eta horretarako, noski, Elkarteak, kontsulta eta erreserba eskaera egina zion aurrez Udalari. “Herritar orok zein herriko elkarte eta eragile guztiek plangintza bati jarraitzen diogu batak besteari ekimen edo ekintzak ez zapaltzeko, horregatik, Kalea Guztiona Dak hartutako jokabideak, hau da, inori kontsulta ez egin edota baimena ez eskatzeak talka egin du jada herritar, eragile eta elkarte horiekin adostuta dagoen plangintzarekin”, adierazi dute Udaletik.

Egoera horren aurrean, lehenik eta behin Pilota Elkarteko kideekin hartutako konpromisoari helduko dio Udalak eta haien ekimena aurrera eramatea lehenetsi eta bermatuko du.

Horren harira, Udalak herritarrekiko eta elkarte eta eragileekiko errespetuz jokatzea eskatu dio Kalea Guztiona Da mugimenduari. “Komunitate batean bizi gara eta guztion arteko elkarbizitza egokia bermatzeko beharrezkoa da antolaketa bati jarraitzea. Kasu honetan, espazio publikoen erabilerari dagokionean Udalari dagokio antolakuntza hori zuzentzea”, azaldu dute Udaletik.  

Ildo horretatik, beste behin, herriko espazio publikoak erabiltzeko ohiko prozedurak jarraitzeko gonbitea luzatu die Udalak mugimenduko kideei. “Mugimenduaren izenak ondo adierazten duen bezala, kalea guztiona da, horrenbestez, gainerako elkarte eta eragile guztiek haien ekimenen berri eman eta horiek aurrera eramateko Udalean laguntza edota baimena eskatzen duten bezala, Kalea Guztiona Da mugimenduak ere gauza bera egitea eskatzen dugu, ezin baita espazio publikoa nahi denean nola edo hala okupatu”, amaitu dute Udaletik.