baleike.eus

Lan aukeren inguruan mintzatzeko enpresa txikiekin bildu da Udala

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017-04-07 13:28   Ekonomia

2016an zehar herriko 15 enpresekin egin da lan eta 2017ari begira zifra hori mantendu edo hobetzea da helburua.

Herriko ekonomia eta enplegua sustatzea izanik Udalaren helburu eta lan ardatz nagusietako bat, 2016an Zumaiako enpresa txikien lan jarduera bultzatzeko ekimena jarri zuen martxan.  

Horren baitan tokiko enpresekin elkarlana sustatzeko konpromisoa azaldu zuen Udalak, herrian egiten dituen lanak aurrera eramateko garaian haien parte-hartze proposamenak lehenetsiz. Horiek horrela, oraingoan, ekimen horri jarraipena emateko, Zumaiako enpresariekin bildu da berriro ere, 2016an egindako lan banaketaren inguruko balorazioa egin eta, bide batez, urteko akatsak identifikatu eta horiez ikasteko, horrela, 2017ari begira aipatutako lan banaketa hobetzeko xedez.  

Ildo horretatik, iaz lehen aldiz martxan jarritako ekimenak herriko enpresa txikien artean izandako harrera ona azpimarratu du Udalak.  2016an, bataz beste, Zumaiako 15 enpresarekin egin du lan eta 2017ari begira, zifra hori mantendu edo hobetzea espero du. 

Horretarako, besteak beste, ABEEaz (aldi baterako enpresa-elkartea) baliatzea proposatu die Udalak. ABEEari esker, bi enpresek bat egin dezakete bakar bat sortuz. Horrela, egungo Zumaiako enpresa txikiek Udalak aurrera eramaten dituen obra handietan parte hartzeko aukerak areagotuko lituzkete. Behin obra amaitzean, enpresen arteko elkarlana bertan behera utzi ahal izango dute norberaren egunerokotasunarekin jarraitzeko. 

Horrez gain, 2018an indarrean sartuko den EITaren (Eraikinen Ikuskapen Teknikoa) inguruko informazioa ere helarazi die Udalak herriko enpresei. EITa 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitzetan egin beharrekoa izango da 2018tik aurrera. Zumaian 200 etxebizitza baino gehiago identifikatu dira egoera horretan, beraz, legeak horiek guztiak ikuskatu eta egokitzea eskatuko du eta horrek tokiko enpresentzat lan aukera berriak sortu ahal izango dituela adierazi du Udalak.

Amaitzeko, herritarrei lan aukera berriak eskaintzeko apustuan gogor lan egiten jarraituko duela berretsi du, betiere, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea baita, funtsean, jomuga nagusia.

 

 

Erantzunak

Maixa 2017-04-07 17:11 Erantzuna | #1

Udalak ateratzen duen informazio ia guztiari propaganda kiratsa antzematen zaio. Baita notizi honei ere.
Egiten ez dutena egiten dutela ari da zabaltzen denbora guztian. Itsuak ere ikusten baitu, adibidez, herri lanetako asko eta asko enpresa bat eta bakarra ari dela egiten gehienetan. Hori bai, albiste hau letuta, ematen du herriko igeltsero enpresa danak ari direla txandaka herri lanak eiten.

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue 2017-04-07 18:19 Erantzuna | #2

Uste dut nahikoa libre garela komunitate honetan albisteak jartzeko eta arau gutxi batzuk bete behar izaten ditugula (euskaraz idaztea, errespetuz aritzea…), baina iruditzen zait batzuei hori baino gehiago ere eskatu behar zaiela, eredugarri izan behar dutela hemen jartzen dituzten idatzietan, bai euskararen erabileran, baita zuzentasunean ere, eta horietako bat da Zumaiako Udala.
Ez naiz sartuko edukietan eta propaganda-kontuetan, eta heldu nahiko nioke idazteko erari eta batez ere zuzentasunari. Duela hilabete batzuk Udalak ateratzen zituen idatziekin alderatuta, uste dut dezente hobetu dela idatzien maila, baina oraindik ere herren egiten du nabarmen batzuetan, eta albiste honetan daukagu adibideetako bat: “2016an zehar herriko 15 enpresekin egin da lan”. Zenbat enpresa daude Zumaian? 15 besterik ez? Askoz ere gehiago. Hitza “enpresa” baldin bada eta Zumaian 15 enpresa baino gehiago baldin badaude, “enpresarekin” beharko luke.
Zaila balitz, gaitasunik ez balego, Udalak baliabiderik ez balu, Euskara Zerbitzurik ez balego, ba, bale, dagoenarekin aurrera, baina hain erraza litzateke horrelakoak konpontzea eta zuzen(ago) idaztea…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa