Ekitatea eta klima aldaketa aztertuko dituzte Eskolako Agenda 21 programan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko urt. 30a, 14:25

Lurra partekatzen dugun pertsona guztiok aukera berdinak al ditugu? Eta gure herrian bizi garenok? Galdera horiei erantzuten saiatu ziren 2015-2016 ikasturtean Zumaiako Eskolako Agenda 21ean murgilduta ibili ziren gaztetxoek. Aurten, aldiz,  ekitatea aztergaiari klima aldaketarena gaineratu zaio. Horrela, iazko Eskolako Agenda 21 programaren bitartez ekitatea zer den barneratu ondoren, geroz eta nabariagoa den klima aldaketarekin duen zerikusia eta lotura aztertuko dituzte 2016-2017 ikasturtean zehar.

Izan ere, munduko klima gizakiaren eraginez aldatzen ari dela inork gutxik zalantzan jartzen duen arren, badira oraindik erantzun beharreko hainbat galdera. Esate baterako: nork eragiten du klima aldaketa? Guztiok hein berean al gara errudun? Nork pairatzen ditu ondorio larrienak?

Azken urteotan klima aldaketak bai gurean, baita mundu zabalean ere eragiten dituen ondorioen berri jasotzen dugu egunero albistegietan: ezohiko lehorteak, uholdeak, bero-boladak, itsasoko denborale handiak... Haien ondotik, bizidun ororentzako egoera larriak irudikatzen dira: suteak, uzta-galerak, izurriteak, etxebizitzaren suntsiketa, jatorrizko herrialdea utzi eta beste batera migratu beharra...

Gure herrietan ere klima aldaketa eragiten duten hainbat jarduera burutzen ditugu eta haien eragina kasu bakoitzean ezberdina bada ere, gune edota egoera jakin batean bizi diren pertsonak bereziki kaltetzen ditu. Horregatik, gertuko jarduera horiei erreparatuko diete Zumaiako ikasleek herriko diagnostikoa egiteko.

Halaber, maiatzean ospatuko den Eskola Agenda 21eko Udalbatzar berezian, herri bakoitzaren diagnosian atzemandako guztiaren berri emateaz gain, egungo egoera hobetzeko proposamenak ere luzatuko dizkiete ikasle ordezkariek herri bakoitzeko udal ordezkariei.

Amaitzeko, datorren otsailaren 15ean, Zumaiako eskola guztietako ikasle ordezkariak Udalera hurbilduko dira iazko ikasturteetan landutako gaien jarraipenaren berri ematera.