Txu-Txu trena inoiz baino arrakastatsuagoa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko abu. 22a, 10:22

Dagoeneko ia bi hilabete igaro dira udako trenak edo guztiontzat ezagunagoa den “txu-txuak” Zumaiako kaleak zeharkatzen dituenetik eta denbora honetan zehar, trenak, erabiltzaile asko eta adin zein jatorri ezberdinetakoak izan ditu.

Abuztuan adibidez, bisitariak eta turistak izan dira nabarmenago eta hauek, bereziki, Zumaia ezagutzeko garraio gisa erabili izan dute txu-txua; zumaiarrek aldiz, uztailean zein abuztuan zehar, batik bat, herrian zehar errazago eta erosoago mugitu ahal izateko hartu dute trena.

8 geldiunez osatutako ibilaldia eskaintzen du txu-txuak, kanpinetik Itzurunera doana izanik erabiltzaile gehien dituen tartea eta orokorrean jende asko badabil ere, eguraldi txarrarekin areagotu egiten da trena hartzen dutenen kopurua.

Horiek horrela, Udala pozik agertu da, zerbitzuak herritarren eta turisten artean izan duen harrera onaz gain, trenak, bere helburu nagusia betetzea lortu duelako: Zumaian zehar herritarren zein kanpotarren mugikortasuna hobetzea hain zuzen.  Ildo honetatik, Udalak, garraioaren irisgarritasuna nabarmendu nahi izan du, zerbitzu hau, ezinduentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat ere egokitu delako eta ezaugarri honek beren mugikortasuna ere ahalbidetu eta erraztu duelako.

Amaitzeko, Udalak, modu berezian eskertu nahi izan dio merkatari elkarteari zerbitzu hau martxan jarri ahal izateko emandako diru laguntza. Era berean, gidariaren lana eta esfortzua ere goraipatu nahi izan ditu, azken batean, guztien arteko elkarlanak ahalbidetu baitu, herritarrei eta kanpotarrei, zerbitzu hau eskaini ahal izana.