Bizikleta Egun arrakastatsua eta parte-hartzailea bizitu zuen Zumaiak larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko eka. 21a, 11:53

Udala oso pozik agertu da pasa den larunbatean ospatutako lehen Bizikleta Egunak izandako arrakasta eta partaidetzarekin. Egun honen ospakizuna, jendetsua, alaia eta ezin hobea izan dela adierazi dute.

Eguraldiak lehen orduan lagundu ez bazuen ere, partehartze handia izan zen goizean antolatutako hiru irteeretan. Horiek horrela,herritar eta gaztetxo ugari bildu ziren  Elorrixara egindako irteeran, baita haurrekin herrian zehar bizikletan egindako ibilaldian ere. Udaletik, goizeko ekintzen artean, eskola bideen inguruan egindako ezagupena azpimarratu nahi izan dute. Ibilaldi honetan, herritarren partaidetza nabarmena izan zen eta bertan, herritarrek zein haurrek, Guraso Elkarteko kideekin batera, ibilaldi bat egin zuten eskola bideetan zehar, non, bide hauen inguruan egin den azterketak identifikatu dituen puntu beltzak globoekin eta kartelekin markatu zituzten. Modu honetara, zumaiarrek eta bereziki haurrek, bide hauen arriskuak ezagutu eta eremu seguruenak ere zeintzuk diren jakin ahal izan dute.

Bazkal orduan paella jan erraldoia eskaini zen Beheko Plazan. Bertan,  herritarrek, giro alai eta beroan dastatu ahal izan zuten Igor,  Gotzon eta Alvarok prestatutako bazkariaz eta ondoren, egunean zehar ekintzetan parte hartu zuten herritarren artean, 13 bizikleta zozketatu ziren, bi gurpileko 10 eta hiru gurpileko beste 3 bizikleta hain zuzen. Arratsaldeko ekintzak ere, arrakastatsuak eta partaidetsuak izan ziren eta zer esanik ez, Trialsin emanaldiaren inguruan. Ikusikizun honek, herritar mordoa bildu zituen Beheko Plazan. Gainera, bertaratu zirenen artean,

Honen harira, Udaletik, egun honen ospakizunean bizitako giro ezin hobea azpimarratu dute. Ildo beretik, eskerrak eman nahi dizkie Sastrakas Taldeari, Txirrindulari Elkarteari eta Maria eta Jose ikastetxeko eta Herri Eskolako Guraso Elkarteari, egun honen antolakuntzan egindako esfortzu eta lan onagatik. Udaletik adierazi dute, talde hauek guztiak gogor lan egin dutela, zumaiar guztiek Bizikleta Egunaz gozatu zezaten. Antolakuntzan egindako esfortzuaz gain, elkarte hauek herria txukuntzen eta garbitzen egindako lana ere goraipatu nahi izan dute eta bereziki Guraso Elkarteak ibilaldiak eta puntu beltzak markatzeko erabilitako kartelak eta globoak jasotzen egin duen lana ere eskertu nahi izan du Udalak.

Azkenik, ekintza guztiek, herritarren artean izandako harrera ona ikusirik, datorren urteari begira, Bizikleta Egunaren ospakizuna errepikatzea aurreikusten dutela adierazi dute Udaletik.